Jose Jabier Larrañaga Jostenka eta Juan Manuel Kerejeta Atxunberri elkarrekin ikusten ditugu beti: txistulari taldearen entseguetara bidean, txistulari taldearen kalejiretan, Ezkurra kafetegian croissanta erdibana gosaltzen… Mortadelo eta Filemonek baino denbora gehiago pasatzen dute elkarrekin. Baina… Noiz ezagutu zuten elkar? Zein da beraien adiskidetasunaren arrakastaren sekretua? Zer diote batak besteaz? Larrañaga 1949an jaio zen eta Kerejeta 1950ean. Biak Urretxun. Umetatik ezagutzen dute elkar, beraien gurasoak Azpeititik etorritakoak eta kuadrilla berekoak baitziren. «Segurola, Larrañaga, Kerejeta, Aldalur… Denak handik etorri ziren eta anaiak bezalakoak ziren». Kerejetaren eta Larrañagaren aitek ez zuten gazteleraz hitz egiten ikasi. Kerejetaren aitak Orbegozon lan egin zuen eta Larrañagarenak Patrizion. Ezkondu aurretik, asteburutan elkarrekin itzultzen ziren jaiotetxera: Pagotxetaraino elkarrekin joaten ziren eta han bakoitzak bere baserriko bidea hartzen zuen. Ezkondu zirenean emazteekin eta seme-alabekin egunpasak egiten hasi ziren. Bi familiak elkarrekin joaten ziren: igandero Etxeberrira (orduan sagardotegia zen oraindik) eta urtean behin Liernira. «Ormaiztegiraino trenez joaten ginen eta handik oinez». Gurasoak lagunak ziren eta beraiek ere lagun banaezinak bihurtu ziren. «Umetan beti jolasean ibiltzen ginen, kalean, gainontzeko neska-mutikoekin», oroitzen dute. Esnaola eta Gutierrez Musika munduak are gehiago elkartu zituen. Kerejetak Ramon Esnaolaren etxeko pasilloan ikasi zuen danborra jotzen. «Danborrariak behar zituen eta bere etxera joateko eskatu zidan. Bera bazkaltzen eta ni danborra jotzen pasilloan. Tarteka, hala egin behar da esaten zidan», aipatu du. Larrañagak, berriz, Santi Gutierrezekin ikasi zuen txistua jotzen. Primeran gogoratzen du noiz egin zuen lehen kalejira: 1963ko Gabon egunean. Ordutik ehunka aldiz jo du Urretxuko kaleetan. Baita jaioterritik kanpo ere. Garai hartan ez zegoen herritik irteteko aukera handirik eta txistulari taldeak horretarako aukera eman zien. «Urretxuko bandan 25 bat lagun ginen. Inon ez zegoen halakorik eta toki askotatik deitzen ziguten. 1968an Baionako festetara joan ginen egun batzuk pasatzera. Talde osoarentzat pasaporte bat egin ziguten. Ez dugu sekula ahaztuko. Urrian Alemaniara joango gara (Urretxurekin senidetuta dagoen Schwarzenbruck herrira). Txistuarekin lagun asko egin ditugu». Hitz onak besterik ez dituzte batak bestearentzat. Gainera, ezaugarri komunak dituzte: biak oso puntualak dira. «Hamar minutu lehenago azaltzen gara biok. Hirugarrena (Jose Mari Lasa) okerragoa zen horretan…», diote. Lasa hil zenetik, txistulari taldean lan gehiago dute. Zorionez, gazteen laguntza dute. Hori bai, haur gutxi dituzte eta horrek kezkatu egiten ditu. «Musika eskolan badaude txistulariak, baina ez dute loturarik nahi. Hiru ume bakarrik ditugu txistulari taldean». Horietako bat Kerejetaren biloba da. «Ilusio handia egiten dit berarekin jotzeak. Gustura etortzen da, gainera. Nola utziko dut umea bakarrik?». Jarraitzeko aitzakia polita du. Larrañagak, berriz, Urretxuko txistulari taldea uzteko asmoa du. «Hankak izorratuta ditut eta uzteko asmoa dut. Aurten ez nuen kontzerturik jo behar, baina Alemaniara joateko aukera suertatu da eta… Hori bai, beteranoen taldearekin jotzen jarraituko dut». Eta Ezkurra kafetegian croissanta lagun minarekin jaten, noski.‘Jostenka’ eta ‘Atxunberri’, ‘Atxunberri eta ‘Jostenka’. Beti elkarrekin. Beti Urretxuko txistulari taldearen alde lanean. Inork irudika al ditzake Santa Anastasia jaiak Urretxuko Marijaia eta Zeledon gabe?