Gehienez, 2.000 euro jasoko dute. Udalak terrazen ordenantza aldatu du, mahai gehiago jarri ahal izateko. Egoera ekonomikoaren inguruko hika-mika egon da
Zumarragako Udalak aparteko laguntzak onartu ditu, koronabirusak merkataritza, ostalaritza eta lehen sektoreko establezimenduetan duen eragina gutxitzeko. Gainera, ordenantzak aldatu ditu ostalariek terrazetan mahai gehiago jarri ahal ditzaten eta aurten tasarik ordain ez dezaten. Alderdi guztiek alde bozkatu dute.
Neurri hauek astearteko osoko bilkuran onartu ziren. Segurtasun neurriak bete ahal izateko, aretoan alkatea eta alderdietako bozeramaleak bakarrik egon ziren. Gainontzeko zinegotziek bideokonferentzia bidez parte hartu zuten.
Hasteko minutu bateko isilunea egin zuten martxoaren 14tik asteartera arte hildako 24 zumarragarren alde. Bestalde, Mikel Serrano alkateak eskerrak eman zizkien bi hilabete hauetan gizartearen mesedetan lan egin duten guztiei eta korporazioko kide guztiei, egindako lanagatik eta emandako babesagatik.
Elkarlan honen fruitua dira atzo onartutako laguntzak. Udalak 400.000 euro banatuko ditu merkatari, ostalari eta lehen sektorekoen artean. Hiru talde egongo dira: negozioak itxita eduki dituztenak edo fakturazioan %75etik gorako jaitsiera izan dutenak, negozioa irekita eduki arren fakturazioan aurreko sei hilekoarekiko %50 eta %75 bitarteko jaitsiera izan dutenak eta azokan postua dutenak.
Lehenengo taldekoek hileko 1.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute, gehienez bi hilabetez. Bigarrenek eta hirugarrenek hileko 500 euroko laguntza jaso ahal izango dute, gehienez bi hilabetez.
Diruz lagunduko diren gastuak honakoak dira: lokalaren alokairua, hornidura gastuak (ura, argindarra, gasa, zabor bilketa…), higiezinen gaineko zerga, azokako tasa, aholkularitza gastuak, merkatari elkarteen kuotak, ibilgailuen gaineko zerga, ICOri edo Elkargiri eskatutako maileguen gastuak…
Hilabete bat egongo da eskaerak aurkezteko, laguntzak Gipuzkoako buletinean argitaratu ondoren. Eskaera ofiziala eta gastuaren berri ematen duen zinpeko aitorpena aurkeztu behar dira, udalaren egoitza elektronikoan edo posta elektronikoz. Eskatzaileak martxoaren 14tik alarma egoeraren amaiera arteko bi hilabete hautatu behar ditu eta bi hilabete horietako gastuak aurkeztu. Fakturak eta ordainketa justifikanteak aurkezteko epea urriaren 30ean amaituko da.
Zalantzak argitzeko, merkatariek 943 93 02 50 zenbakira deitu dezakete, ostalariek 943 93 04 37 zenbakira eta azokan postua jartzen dutenek 943 93 04 89 zenbakira.
Terrazak
Ostalariei laguntzeko, diru-laguntzak emateaz gain, udalak terrazen ordenantza eta ordenantza fiskalak aldatu ditu. Aurten ostalariek ez dute terrazei dagokien tasa ordainduko. Gainera, terraza zutenei mahai gehiago jartzen utziko diete eta ez zutenei mahaiak jartzen utziko diete.
Bestalde, Mikel Serrano alkateak udalaren egoera ekonomikoaren berri eman zuen. Udalak 1,8 milioi gutxiago izango duenez, soberakina erabiliko dela eta inbertsio batzuk atzeratu egingo direla esan zuen. EH Bilduko Josu Aztiriak gastu arruntak gehiegi igo direla eta horrek inbertsioak egitea zailtzen duela esan zuen. PSE-EEkoek gastu arrunten artean gizarte arloko asko daudela aipatu zuten.