Erabiltzaileek hitzordua eskatu behar dute. Horretarako, 943 72 49 61 telefono zenbakira deitu behar dute, 09:00etatik 13:00etara.

Zumarragako Udala, pixkanaka, kirol instalazioak irekitzen ari da. Joan zen astelehenean Argixaoko instalazioak ireki zituen eta etzi (astelehenean) Ispilla kiroldegiko gimnasioa eta kantxa irekiko ditu. Ondo bidean, ondoren Beloki pilotalekua, kiroldegiko igerilekua eta Luis Urdangarin zelaia irekiko ditu. Beti ere, osasun gomendioei eta fase bakoitzean normaltasun berrira begira ezarritako irizpideei jarraituz.
Argixao estadioak bezala, Ispilla kiroldegiak segurtasun protokoloa izango du sartzen diren pertsona guztien segurtasuna bermatzeko. Kiroldegiko sarreran gorputzaren tenperatura hartuko da, eta sarrera ordua, erabiltzailearen izena, abonatu zenbakia eta telefono zenbakia erregistratuko dira. Gainera, segurtasun tartea mantendu beharko da.
Aldagelak ezingo dira erabili, baina bai komunak. Gimnasiora bidean, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Gainontzeko toki guztietan gomendagarria izango da. Kantxaren erabilera ordu betekoa izango da. Oraingoz ezingo da kontaktu edo pilota kirolik egin, kutsatze arriskua txikitzeko.
Gimnasioa erabiltzeko hitzordua eskatu behar da. Horretarako, 943 72 49 61 telefono zenbakira deitu behar da. Lehen eguneko hitzorduak bihar (igandea) eskatu behar dira: 09:00etatik 13:00etara. Irteerako ordutegiak errespetatu beharko dira beti, hurrengo txandarekin ez elkartzeko.
15 lagun egongo dira gehienez eta erabiltzaileak ordu eta laurden emango dute kiroldegian gehienez. 60 minutu bete baino lehen utzi beharko dute kantxa edo gimnasioa. Makina bakoitza gehienez 20 minutuz erabili ahal izango da.
Ordutegia 09:00etatik 10:15era, 10:15etik 11:30era, 11:30etik 12: 45era, 12:45etik 14: 00etara, 14:00etatik 15:15era, 15:15etik 16:30era, 16:30etik 17:45era, 17:45etik 19:00etara, 19:00etatik 20:15era eta 20:15etik 21:30era izango da. Larunbatak eta igandeak egun horietako ordutegietara egokituko dira.
Gimnasioaren sarreran produktu bakterizida batez bustitako alfonbra bat jarriko da oinetakoak desinfektatzeko, eta, ondoren, beste bat egongo da produktua lehortzeko. Horrez gain, gel hidroalkoholikoa eta produktu fungizida duten mahaiak egongo dira, higiene eta desinfekzio neurriak bermatzeko. Bai sarreran bertan, bai gimnasio barruan.
Erabiltzaileek, nahitaez, toalla batekin joan beharko dute, erabiltzen duten makinan jartzeko. Bestela, ezin izango dira instalaziora sartu. Beharrezkoa izanez gero, bigarren toalla bat eduki beharko dute, higiene pertsonalerako.
Erabiltzaileak distantzia soziala mantentzen saiatuko dira. Makina bateko tartea utzi behar dute bizikleten, zinten eta eliptikoen artean.
Erabiltzaile bakoitzak erabilitako makina garbitu eta desinfektatu beharko du erabili ondoren, eskuragarri izango duten material desinfektatzailea, garbitzeko diluitutako bakterizida eta papera erabiliz. Kiroldegiko langileek, berriz, egunean hiru aldiz garbituko dituzte makinak eta gainazalak, goizean, eguerdian eta arratsaldean.