Erein argitaletxearen YouTubeko kanalaren bidez aurkeztuko du
Pello Lizarralde idazle zumarragarrak Argiantza liburua aurkeztuko bihar. Aurkezpena Erein argitaletxearen YouTubeko kanalaren bidez aurkeztuko du, 11:00etan. Ekitaldian Iñaki Aldekoak ere parte hartuko du. Aurkezpena ikusteko, sakatu hemen.
Lizarralde Zumarragan jaio zen 1956an, baina aspalditik Iruñean bizi da. 2003an Euskadi literatura saria irabazi zuen, Larrepetit liburuarekin.
Argiantza liburuko istorioa 1982ko irailean gertatzen da. Ramon Beitia, hainbat zine areto bere ardurapean dituen kudeatzailea, ikuskatze lanetan murgildu da. Irabaziak beheraka ari dira, eta nagusi gazteak, aitak utzi diona gobernatzera iritsi berria, kontuak baino ez ditu buruan. Lotsa gutxi eta eskrupulu gutxiagoko horri negozioaren gordina azaldu beharrean da kudeatzailea. Eta horrelaxe hasten da egun gutxiren bueltan errendituko den peripezia. Nola zeuden herrietako aretoak eta zertan zebiltzan haietako langileak. Erein argitaletxearen prentsa oharraren arabera, “formalki pieza perfektua da, bere simetria soilduan; mundu bati, izate eta bizitzeko aldarte bati ematen zaio adioa. Atzean gelditzen den mundu horren arnasa eta denboraren sosegua sentiaraziko digu egileak maisuki”. Liburua dagoeneko salgai da, Ereinen webgunean. |