Hilabeteetako etenaldiaren ondoren, Zumarragako Zelai Arizti aretoan 'Felicidad' antzezlana ikusi ahal izango da. Urtarrilera arte luzatuko den Arte Eszenikoak programazioa irekiko du.

Kulturaren munduak etenaldia izan du koronabirusaren ondorioz, baina poliki-poliki hasi dira ekitaldiak antolatzen eta gauzatzen. Zumarragan eta Urretxun, esaterako, Arte Eszenikoak programazioa prestatu dute, eta horren baitan, gaur gauean Zelai Arizti aretoko oholtzak antzezlan bat hartuko du aspaldiko partez: Malagako Tenemos Gato konpainiaren Felicidad. Hitzordua 22:30ean da, sarrerak leihatilan bertan erosi behar dira, 21:30etik aurrera; 10 eurokoa da helduena, 7 eurokoa gazteena.
Raquel Miron, Enrique Asenjo, Homero Rodriguez Soriano, eta Cristina Rojas aktoreek antzeztuko dute Felicidad, zoriontasuna. Gizakiak helduaroan zoriontsu izateko egiten duen ahaleginari buruzko gogoeta bat plazaratuko dute. Bikote harremanak, laguntasuna, langabeziaren drama, amatasuna eta lana eta familia bateratzeko borroka bezalako gaiak jorratuz, 30-40 urte bitartera iritsitakoan jendearen gaztaroko itxaropenak eta helduaroko errealitatea alderatuko dituzte. Gaztelaniaz izango da.
Felicidad antzezlanak urtarrilera arte luzatuko den Arte Eszenikoa programa irekiko du.