Beloki mendia oso maitea da zumarragarren artean eta herritar talde batek bertan festa antolatzen du urtero, iraileko bigarren igandean. Festa hori ere bertan behera gelditu dela azaldu du Jose Roman Urkiola, antolakuntza taldeko kideak.
Noiztik antolatzen da festa hau?
Belokiko gurutzearen ingurua txukuntzeko eta gurutzea margotzeko ohitura genuen lagunok. Duela 35 bat urte, Belokira jende asko joaten zenez, festa antolatzea erabaki genuen. Hasieran ez zuen horrenbeste jendek parte hartzen.
Nortzuk zeundeten antolatzaileen artean?
Joxe Goenaga, Joxe Etxaniz, Laureano Remirez, Paco Plaza, Pedro Elgarresta, Inazio Telleria, Manolo Tellez, Felipe Buron… Batzuk hilda daude dagoeneko. Egun, lan taldean emakume asko ere badaude. Oso langileak dira, gainera. Eskerrak beraiei… Lan taldean 16 bat gara. Gazte batzuk badaude, baina erretiratu dezente ere bai. Gainera, Zumarragako Udalaren laguntza dugu.
Zergatik egiten da jaia iraileko bigarren igandean?
Irailaren 14an gurutzearen eguna delako. Gainera, iraila hilabete ederra da eta bigarren igandean Urretxuko jaiak hasi gabe daude oraindik. Lehen edizioak udaberrian egin genituen, baina irailera pasatzea erabaki genuen.
Urtero ehunka lagun igotzen dira Belokira zuek antolatutako festaz gozatzera. Zergatik uste duzu duela horrenbeste arrakasta?
Belokira igotzea oso erraza da. Familia osoa igo daiteke. Ni neu askotan igotzen naiz Belokira bilobekin. Asteburutan familia asko igotzen dira Belokira eta gurutzearen festaren egunean zer esanik ez. Haur asko elkartzen dira eta hori oso polita izaten da. Inguruko herrietako mendizaleak ere etortzen dira. 800 lagunetik gora elkartzen gara eta guztientzat hamaiketakoa prestatzen dugu: patata tortilla eta txorizo pintxoak, ardoa eta ura.
Horrenbeste pintxo prestatzea ez da erraza izango…
Goizeko 06:30ean elkartzen gara Arkaitzeta elkartean. Arkaitzeta elkarteak sekulako laguntza eskaintzen digu. 80 bat patata tortilla egiten ditugu eta 35 kilo txorizo prestatzen dugu. Horretaz gain, ardoa eta ura eramaten dugu Belokira. Urtero ardo kaxaren bat oparitzen digute, Ilargi enpresak ogi bereziak egiten dizkigu… Jende askoren laguntza dugu. Izan ere, oso festa herrikoia da. Antolaketa lana gogorra da, baina jendearen erantzuna ikusten dugunean, nekea ahazten dugu.
Zer egiten duzue eguraldi txarra egiten duenean?
Eguraldi txarra egiten duenean, meza Antion egiten dugu eta hamaiketakoa interpretazio zentroko atarian. Lehen hamaiketakoa Arkaitzeta elkartean egiten genuen, baina Antioko interpretazio zentroko atarian toki gehiago dago.
Gogorra izan al da festa bertan behera utzi behar izatea?
Oso argi genuen ezin zela ospatu: jende asko elkartzen da eta ez genuen ogitartekoak eskularruekin eta maskararekin emateko asmorik. Meza ere ez dugu egingo. Jabier Kortaberria apaizari deitu nion (berak ematen du meza urtero) eta ez zuela merezi esan zuen. Datorren urtean itzuliko gara… eta pintxoak inoiz baino hobeak izango dira!
Festa antolatzeaz gain, Beloki txukun mantentzeaz arduratzen zarete. Zer egin duzue azken urteetan?
Zumarragako Udalak gurutzea margotu du, bestela hondatu egiten baita. Beloki ingurua garbi mantentzeaz ere arduratzen gara. Egia esan, jendeak dezente errespetatzen du. Garai batean ez bezala, jendeak ez du zaborra mendian uzten, herrira jaisten du. Belokiko gurutzea herritik ez ikusteak, ordea, pena handia ematen digu. Garai batean Belokiko gurutzeak argia zuen eta kanpotik etortzen zen jendea harrituta gelditzen zen. Duela urte batzuk berriro argiztatzeaz hitz egin genuen, baina herritik ikusten ez bada, ez du merezi. Aurrealdean pinuak landatu zirenetik, gurutzea ez da herritik ikusten. Ni mutikoa nintzenean Belokin pagoak zeuden, baina jabeak bere lursaila nahi duen bezala aprobetxatzeko eskubidea duenez…