Erlezaintzari buruzko 'Honeyland' pelikula emango dute bihar. Emanaldian Epeldek eta Otegik parte hartuko dute. Zumarragako Zelai Arizti aretoan izango da, 20:30ean
ButaK 21 zineklubak Aikur museoko Josune Epelde eta Elias Otegi omenduko ditu bihar, Honeyland dokumentalaren emanaldia dela eta. Erlezaintzaren inguruko pelikula hau Zumarragako Zelai Arizti aretoan emango dute, 20:30ean.
Epeldek eta Otegik Aikur erle museoa ireki zuten Urretxun 2007an eta ordutik milaka haur eta familia pasa dira bertatik. Haur eta heldu askok bikote honen eskutik izan du erleen munduaren berri. Epeldek erretiroa hartu du eta uztailean museoa itxi zuten. Aitorrek, beraien seme zaharrenak, erlezaintzan jarraitzen du.
ButaK 21 zineklubekoek Aikur museoan egindako lana txalogarria dela uste dute eta Epelde eta Otegi biharko emanaldira gonbidatu dituzte. Emanaldia hasi aurretik aurkezpena egingo dute eta ondoren solasaldia egongo da.
Koronabirusak eta berokuntza globalak ingurumenarekin harreman orekatua mantentzearen garrantzia argitara atera dute eta horren inguruan hausnartuko dute bihar, hain zuzen ere.
Honeyland pelikula DocsBarcelona jaialdiaren eskutik heldu da Zumarragara. Lehenengoz emango dute Euskal Herrian.
Sari ugari
Pelikula honek sari asko lortu ditu. Aipatutako jaialdian eta Sundance-n lehen saria lortu zuen eta ingelesezkoa ez den pelikula onenari ematen zaion Oscar sarirako izendatu zuten. Izendapen hori jaso zuen lehen dokumentala izan zen.
Filmatzeak hiru urte iraun zuen eta 400 orduko filmatu zituzten. Protagonista Mazedoniako herrixka batean bizi den erlezain bat da. Ez da ezkondu eta bere ama zaintzen du. Izan ere, alaba gazteena da eta bertako tradizioak alaba gazteenak gurasoak zaindu behar dituela eta hauek hil arte ezin dela ezkondu dio.
Ama eta alaba herrixkako biztanle bakarrak dira, erlezaintzan lan egin nahi duen beste familia bat heltzen den arte. Pelikula ekologismoaz, landa-eremuko bizimoduaz eta ondasun naturalen ustiaketa arrazionalaz mintzo da.
ButaK 21eko kideek zuzendariaren eta argazkilariaren lanak bikainak direla diote. «Irudiak oso ederrak dira eta zuzendariak gugandik oso urruti bizi den jendearekin enpatia izatea lortu du».
Herritarrak, eta oro har zine zaleak, emanaldian parte hartzera gonbidatu dituzte. «Oso pelikula ona eta Aikur museokoek esker ona azaltzea merezi dute. Izan ere, urte hauetan guztietan sekulako lana egin dute erleen mundua eta beraien garrantzia ezagutzera emateko».