Urretxuko Udalak Matxinporta industrialdearen parean bota dituzten hondakinak ibaitik aterako ditu

Urretxu eta Zumarragako udalek Urola ibaia garbitu dute, Ertzain etxetik San Martin auzoko zubiraino. Aurten Erreka Eguna antolatzerik egon ez denez, Eulen enpresa kontratatu dute. Enpresa horretako langileek bost egun eman dituzte lanean eta 106 zabor poltsa bete dituzte. 700 kilo hondakin atera dute ibaitik.
Urretxuko Udalak, herriguneari dagokion garbiketa lana amaitu ondoren, Matxinporta industrialdearen atzealdeko zatia garbituko du. Garbiketa egiteaz gain, hondakinak botatzea debekatuta dagoela eta isurketak egiten dituztenak identifikatzen badituzte isunak jarriko dizkietela azaltzen duten kartelak jarriko ditu. Duela egun batzuk Eguzki talde ekologistak Matxinporta industrialdearen parean hondakinak zeudela salatu zuen eta udalak eskerrak eman nahi dizkio sentsibilizazio eta informazio lanagatik. Udal arduradunek udalaren eta herritarren arteko elkarlana beharrezkoa dela uste dute. “Guztion artean gure ibaiaren ekosistema babestu behar dugu, balio izugarria baitu”.