Gaur Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna da. Urteroko moduan, arratsaldean kontzentrazioa egin da Areizaga-Kalebarren plazan, Urola Garaiko Koordinadora Feministak deituta. Horra hor amaieran irakurri duten testua:
“Azaroaren 25a iritsi da beste urte batez, eta arrazoiak ez zaizkigu falta kaleak aldarriz, haserrez, amorruz, eta garrasi ozenez betetzeko. Lehenik, azken urtean Euskal Herrian eraildako 5 emakumeak gogora ekarri nahi ditugu; Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie. Besarkada beroa eta estua bidali nahi diegu beraien senitarteko eta lagunei. Ez zaudete bakarrik eta mugimendu feministak ez du gertatutakoa ahaztuko. Oroimenean bizirik mantenduko dugu. Memoria kolektiboa borrokarako tresna gisa ulertzen baitugu; oroitzeko, osatzeko, aitortzeko, erreparatzeko eta borrokarako. Ez dira garai errazak. Sistema zisheteropatriarkal, kapitalista eta kolonialak bere botere guztia martxan jarri du berdintasun eza betikotzeko. Bai gorputzetan eta bai territorioetan. ha puesto en marcha todo su poder para perpetuar las desigualdades. Tanto en los cuerpos como en los territorios. Aspalditik diogu hiru zapalkuntza sistema horien ondorioz, emakumeak, migratu eta arrazializatuak eta sexu genero disidenteak garela kolpatuenak. Eta, baieztapen hori geroz eta era ageriagoan ari da materializatzen faxismoak, eskuin muturrak nahiz eskuineko hainbat mugimendutan ikus daitezken jarrera eta diskurtso erreakzionarioen bitartez. Ez dugu utziko feminismoa gorroto diskurtsoak normalizatzeko edo feminismoarekin zerikusirik ez duten proposamenak zabaltzeko erabiltzen. Ez ditugu diskurtso arrazistak onartuko feminismoaren izenean, eta ez dugu gure segurtasunaren izenean polizia gehiago behar denaren ideia defendatuko. Kontrara, justizia feministan sinetsi eta justizia feminista eraikitzen jarraituko dugu. Horregatik guztiagatik, ez gara etxean geldituko. Kalera irteten jarraituko dugu. Azaroaren 5ean, Ipar Euskal Herrian, greba eguna izan genuen bizitzaren garestitzearen aurka, Hego Euskal Herrian, azaroaren 11n, etxebizitza eskubidearen alde hartu genituen eta azaroaren 25ean, berriro ere, Euskal Herri osoan indarkeria matxistaren aurka hartu ditugu kaleak. Ez ginelako atzera egiteko jaio. Etor daitekenaren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu gure borrokarako tresna gisa; erasoen aurrean, eskubideen ukazioaren aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, gure bizitzekin negozioa egiten dabiltzanen aurrean. Aliantzak sortzeko garaia da. Borroka lagun ezberdinekin egin behar da eta borroka ezberdinak aintzat hartuz, bakoitza bere tokitik baina elkarrekin. Helburua eta etsaia begiz galdu gabe. Ez gara etxean geratuko. Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideok geroz eta indar gehiago batzen ari gara, eta berriro diogu: ez ginen atzera egiteko jaio! Indarkeria erreproduzitzen ari diren eta indarkeria matxistarekin amaitzeko baliabiderik jartzen ez duten instituzioen aurka antolatuko gara, anaidia sostengatzen ari diren gizonen aurka antolatuko gara eta antifeminismoa antolatzen ari direnen aurka antolatuko gara. Sareak sortuz eta aurre eginez. Askotariko indarkeriek gurutzatuta bizi beharko ez diren bizitzen alde. Faxismoari feminismoz erantzungo diogu. Gora borroka feminista!”.

