Aurtengo Gabonak ezingo dira nahi bezala ospatu, baina idazlan eta krisma lehiaketak ez dira faltako behintzat. Urretxuko eta Zumarragako udalek 32. edizioa antolatu dute.
Krisma lehiaketan bi herrietako ikastetxeetan ikasten duten eskola umeek parte har dezakete. Hiru maila bereiziko dira: Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak, 3. eta 4. mailakoak eta 5. eta 6. mailakoak. Lehiakide bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du.
Krisma egiteko materiala egile bakoitzak aukeratu ahal izango du. Lana gehienez DIN A4 neurria duen kartulina, kartoia, papera edo antzeko material batean eginda egongo da. Lan guztiak Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean edo Urretxuko Aizpurunea kultur etxean aurkeztu beharko dira, hilaren 27a baino lehen.
Idazlan lehiaketan ere bi herrietako ikastetxeetan ikasten duten eskola umeek parte har dezakete. Bi talde bereiziko dira: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoak (A taldea) eta 5. eta 6. mailakoak (B taldea). Lehiakide bakoitzak lan bakarra aurkez dezake.
Aurtengo gaiak
Lanak euskaraz izango dira. 3. eta 4. mailakoen gaia Olentzerok inoiz baino lan handiagoa izan zuen urte hartan da eta 5. eta 6. mailakoen gaia, Egoera zailenetan ere, ez da itxaropena galdu behar. A taldekoen ipuina orrialde batekoa izan behar da gehienez eta B taldekoena bi orrialdekoa gehienez. Idazlanak bi kultur etxeetako batean aurkeztu behar dira, azaroaren 27a bitartean (hau barne).
Bi lehiaketetako epaimahaia bi herrietako Kultura batzordeek osatuko dute. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 18an izango da, 18:00etan, Zumarragako kultur etxean (osasun egoerak ahalbidetzen badu). Bost taldeetan hiruna sari banatuko dira. Saritu bakoitzak diploma eta sari bana jasoko du. Saritutako lan guztiak bi udalen webguneetan ikusgai jarriko dira.