Urretxuarrak dopin kontrolez arduratu den taldean lan egin du. Mutikotan txirrindularia izan zen. Aurten Formigalgo etapa irabazi duen Ion Izagirrerekin aritu zen
Unai de Miguel txirrindularitza epaile urretxuarra Espainiako Itzulian egon da. Dopin kontrolez arduratu den taldean lan egin du. Bere lehen aldia izan da hiru asteko itzuli batean.
De Miguel txirrindularia izan zen mutikotan. «Kimu mailako bigarren urtean hasi nintzen. Aita Caldeyf taldeko zuzendaria izan zen eta ez zuen nik bizikletan ibiltzea nahi, kirol gogorra baita. Ama, berriz, gustuko nuena egitearen aldekoa zen».
Gazte mailako azken urtearen ondoren utzi zuen txirrindularitza. «Beste batzuk askoz hobeto ibiltzen ziren eta uztea erabaki nuen. Ondo ibiltzen zirenen artean aurtengo Vueltan etapa irabazi duen Ion Izagirre zegoen. Mikel Landa, Gari Bravo eta Aritz Bagues ere nire urte berekoak dira».
Txirrindularitza oso gustuko duenez, lasterketetan parte hartzeari utzi zionean epaile lanetan hasi zen. Txirrindularitza epaileak lasterketak araudiak zehazten duen moduan garatzeaz arduratzen dira. Epaile bakoitzak lan bat du: kronometratu, taldeetako autoekin harremana izan… «Lehen pausoak Goierriko Itzulian eman nituen, oraindik txirrindularia nintzenean. Beteranoek irakatsi zidaten ofizioa. Urte batzuen ondoren, Madrilen azterketa egin nuen. Estatu espainiarreko lasterketa guztietan bete dezaket epaile lana. Hortik kanpo aritzeko ingelesa eta frantsesa eskatzen dizkidate».
Denboraldia urtarrilean hasten du eta Ordiziako Klasikoarekin bukatu. «Abuztuan oporrak hartzen ditut. Behin bakarrik egon naiz Donostiako Klasikoan. Iaz 40 egun eman nituen lasterketetan».
Aurten denboraldia beranduago amaitu du. Denboraldi berezia izan da eta, gainera, ezin zion Espainiako Itzulia barrutik ezagutzeko aukerari muzin egin. «Denboraldia pistako Espainiako Kopan hasi nuen. Konfinamendu aurreko azken lasterketa Urretxukoa izan zen eta konfinamendu ondorengo lehena Beasaingo Gipuzkoa Klasikoa. Ordiziako Klasikoan ere egon nintzen».
Vueltan ondo moldatu da. «Nirekin zegoen komisarioetako bat poloniarra zen eta bestea serbiarra. Nire ingelesa kaxkarra da, baina espero baino hobeto moldatu naiz. Arazoak izan ditudanean, mugikorreko itzultzailea erabili dut. Gaiztoaren rola betetzea tokatu zait: txirrindulariak helmugatik dopin kontrolera eramateaz arduratu naiz. Goizeko lehen orduan ere kontrolak egiten dira hoteletan. Txoferrarekin, komisarioarekin eta medikuarekin joaten nintzen. Txirrindularien logelako atea jo eta medikuarengana eramaten nituen. Lan hori egiten dugunoi txaperoiak deitzen digute. Lankide bati txirrindulari batek atea muturraren aurrean itxi zion. Ondoren, barkamena eskatu zion», azaldu du.
Gogor lan egin behar izateaz gain, protokoloak direla eta, ezin izan du giroaz gozatu. «Burbuilaz hitz egiten dute, baina gaur bertan 46 guardia zibilek positibo eman dutela jakin da. Burbuilak zuloa zuela dirudi. Gu hoteletik ez irteten saiatu gara. Santiagon bakarrik irten ginen: hotelaren ondoan taberna bat zegoen eta albariñoa eta olagarroa eskatu genuen. Beste urte batzuetan sekulako parrandak egiten dira. Hala ere, esperientzia polita izan da».
Egun pozgarriena Formigalekoa izan zen, noski. Ion Izagirrek etapa irabazi zuen eta dopin kontrolera joan zenean De Miguelekin topo egin zuen. «Kamioira sartu eta ikusi ninduenean, harrituta gelditu zen. Ez digute txirrindulariekin hitz egiten uzten, baina berriketan jardun ginen. Roglic eta Carapazekin hitz egiteko aukera ere eduki dut».
Txirrindularitza gustukoa dutenentzat, epaile lana polita dela dio. Epaileak behar dira, gainera. «Gipuzkoan 18 epaile bakarrik gaude eta 10 soilik gara lanean jarraitzen dugunak. Ea jendea animatzen den».