Bigarren Karlistaldian Donostiako alkate izan zen
Larunbatean Nikolas Soraluze politikari, historialari eta enpresari zumarragarraren jaiotzaren 200. urteurrena bete zen. Soraluze Gipuzkoak eman duen historialari garrantzitsuenetako bat izan zen eta, politikari bezala, Donostiako alkate izatera heldu zen. Bertan hil zen, 1884an.
Soraluzek Azkoitian ikasi zuen, jesulagunen eskolan. Bertan piztu zitzaion historia zaletasuna. Lehenbiziko Gerra Karlistatik libratzeko, gurasoek Frantziara bidali zuten, eta handik Buenos Airesera. Argentinako hiriburuan negozioak egin zituen.
Hego Amerikan bizi izan zen 1855. urtera arte. Urte hartan Espainiara itzuli zen, Argentina eta Uruguaiko Ohorezko Kontsul tituluak besapean zituela. Politikan sartu zen, udal mailan lehenik. Migel Lopez de Legazpiren jaiotetxea babestu zuen. Trenbidea egiteko dorretxea bota behar zuten eta bera horren aurka borrokatu zen.
Bestalde, bera izan zen Zumarraga Gipuzkoako Ermandatetik denbora epe labur batez bereizteko lehen pausua eman zuena, Zumarragako tren geltokia eta Zumaia lotuko zituen errepidearen eraikuntza lanek eragindako arazoak zirela medio.
Bigarren Gerra Karlistan Donostia liberaleko alkatea izan zen eta itun bat sinatu zuen Lizarraga jeneralarekin, preso truke bat egiteko. Gipuzkoak eman duen historialari nabarmenenetako bat izan zen. Historiaren Errege Akademiako kidea eta Monumentu Historikoen Batzordeko burua izan zen. Gipuzkoari eta Juan Sebastian Elkanori buruzko lanak egin zituen, besteak beste.
Hil ondoren, Donostian eta Zumarragan kale bana eskaini zioten. Donostiakoa alde zaharraren ondoan dago eta Paseo Berrira ematen du. Zumarragakoak, berriz, udaletxeko plazara ematen du.
Soraluze zumarragarra eta Iparragirre urretxuarra urte berean jaio ziren. Soraluzek Urretxun egin zituen lehen ikasketak. Hala, biek elkar ezagutu zuten. Eta biak Hego Amerikan bizi izan ziren. Bien ekarpena oso ezberdina izan zen, baina garrantzitsua bi kasuetan.