Sprilur sozietate publikoak erosi du, 1'7 milioi euroren truke

Urretxuko Udalak Sarralde enpresa zena (10.000 metro koadro) Sprilur sozietate publikoari saldu dio, 1’7 milioi euroren truke. Udalak lurra garbitzen jarraituko du. Lan horiek hiru bat urte iraungo dute. Bitartean, musika taldeek bertan entseatzen jarraituko dute eta Sprilurrek lursail hori eskainiko die lursailak behar dituzten enpresei. Udalaren eta Sprilurren asmoa enpresa bakar bat hartzea da, 60-70 pertsonei lana emango diena.
Gobernu taldeak prentsaurrekoa eman du gaur albistearen berri emateko. Udalak 2007-2011 legealdian erosi zuen Sarralde. “Bost urte eta erdi daramatzagu udaletxean eta ez genuen espero eremu hura egun ikusten dugun moduan ikusiko genuenik”, esan du Jon Luqui alkateak.
Izan ere, Sarralde eta Irimo saltzea lortu da. Gainera, Irimo Telleria enpresak erosi du eta datorren urtean bertan hasiko da pabilioi berriak eraikitzen. Bestalde, Sprilurrek Irimo eta Sarralderen artean dagoen 1.200 metro koadroko lursaila ere erosi behar du. Udalak Kaminpen eman nahi du hurrengo pausoa.
Jasotako dirua “zentzuz” erabiliko dutela aurreratu dute. Pasiotarren komentuan adinekoentzako apartamentuak egiteko, eguneko zentroa eta jubilatuen egoitza hobetzeko eta herriko sarrera (Azkoititik) txukuntzeko erabiliko dutela esan dute.