Udalbatzan ordezkaritza duten hiru alderdiek (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE) eskaria adotu eta gutuna bidali zuten ostegunean
Zumarraga gorriz markatutako herrien zerrendan egoteak eta Urretxu laranjaz markatutakoen artean egoteak sortu duen nahastea dela eta (Zumarragarrak herritik ezin atera, urretxuarrak Zumarragara ezin pasa, Zumarragan tabernak itxita eta Urretxun zabalik), Urretxuko udalbatzak gutun bat bidali zion ostegunean bertan LABIri. Gutun horretan bi udalerriak bakar bat bezala hartzeko eskatu zuen, bestela neurriak betearaztea ezinezkoa delako. Helburua LABIk eskaera osteguneko bileran bertan baloratzea zen, baina oraingoz behintzat ez dute aintzat hartu.
Egoera argitu bitartean, udalak gainontzeko instituzioekin harremanetan jarraituko du. Bestalde, udalbatzan ordezkaritza duten hiru alderdiek zentzuz jokatzen jarraitzeko eta prebentzio neurriak betetzeko eskatu diete herritarrei. “Guztion helburu amankomuna kutsatutako pertsonen kopurua murriztea izan behar da eta, bi udalerrietako intzidenzia tasari dagokionez, hori posible izango da soilik gutako bakoitzak (bi herrietako biztanleak) gure alde egiten badugu eta erantzukizunez jokatzen jarraitzen badugu”.