Helburua bidegorria seguruagoa izatea da. Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentuak 15.000 euroko laguntza eman dio Zumarragako Udalari
Zumarragako Udalak led teknologia duten hamaika farola jarri ditu Kaminpe galdategia eta Argixao industrialdeko bidegurutzea lotzen dituen bidegorrian, erabiltzaileek hala eskatuta. Helburua bidegorria oinezko eta txirrindularientzat seguruagoa izatea da.
Egitasmo honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentuaren babesa jaso du. Aldundiak 15.000 euroko diru-laguntza eman du eta diru horrekin obra ia bere osotasunean ordaindu da.
Zumarragako Udalak ArcelorMittal enpresaren laguntza ere jaso du. Udalak eta enpresak hitzarmen bat sinatu dute. Horren arabera, udalak enpresaren lurretan dagoen elektrizitate sarea doan erabili dezake. Gainera, hamaika farolak enpresaren lurretan jarri dira.
Kaminpe galdategia eta Argixao industrialdeko bidegurutzea lotzen dituen bidegorria iazko otsailean inauguratu zen. 500 metro inguru ditu eta Euskal Herria hiribidean bulebar bat egiteko egitasmoaren baitan egin zen. Bulebar hau hiru fasetan egingo da.
Arriskua
Bidegorria Zumarragako bizilagunek eskatuta egin zen. Izan ere, herriaren goialdean bizi diren zumarragarrek GI-2632 errepidearen ertza erabiltzen zuten Legazpiko sarreran dagoen hipermerkatura edo Legazpi-Azkoitia bidegorrira joateko. Bide bazterretik joatea oso arriskutsua zenez, udalak bizilagunen eskaerari erantzuna ematea erabaki zuen.
Aurrekontua ia 200.000 eurokoa izan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamenduak 75.000 euroko diru-laguntza eman zuen. Egitasmoak Europar Batasunaren diru-laguntza ere jaso zuen, karbono dioxidoaren kontsumoa murrizten laguntzen duelako.