Urtean gehienez 12.000 euro jasoko du eta gutxienez 8.000. Udalak kale-garbigailu berri bat erosi behar du. Urretxuarren proiektu artistikoak diruz lagunduko dituzte.
Urretxuko Udalak Santa Barbarako tabernaren eta aterpetxearen pleguak onartu ditu. Tabernaren eta aterpetxearen ardura hartzen duen ostalariak ez du errentarik ordainduko eta udalaren diru-laguntza jasoko du.
Udalak tabernak herritarrei zerbitzu garrantzitsua eskaintzen diela uste du eta pleguen helburua zabalik mantentzea da. Ustiatzaileari kalitatezko zerbitzua eskaintzeko eta ingurua txukun mantentzeko eskatuko zaio eta, trukean, diru-laguntza jasoko du. Diru-laguntza hau urtean 12.000 eurokoa izango da gehienez eta 8.000koa gutxienez. Lehiaketara aurkezten direnek puntu gehiago lortuko dute zenbat eta diru gutxiago eskatu.
Kontratuak bi urteko iraupena izango du eta bost urte bete arte luzatu ahal izango da, gehienez. Udalak eta ustiatzaileak urtero luzatuko dute, ados badaude. Ostalariak taberna astean behin itxi ahal izango du eta hilabeteko oporraldia egiteko eskubidea izango du.
Pleguak azkeneko osoko bilkuran onartu ziren. Maialen Fidalgo zinegotziak helburua Santa Barbarari egonkortasuna ematea dela esan zuen. Izan ere, Urretxuren bizitza sozial, kultural eta turistikorako funtsezkoa dela uste du.
Aldiri kiroldegia
Osoko bilkuran Aldiri kiroldegiko kontratuaren pleguak ere onartu ziren. Izan ere, egungoa maiatzean amaitzen da.
Egungo kontratua 2017koa da eta aldaketa nabarmena ekarri zuen. Lizitazio prezioa asko igo zen, aurrekoarekin ezin zirelako kostuak ordaindu eta langileen eta esleipendunaren arteko ara-zoak sortu zirelako. Hala, monitoreen eta harrerako langileen lan baldintzak hobetzea lortuzen.
Azkeneko osoko bilkuran onartu ziren pleguak 2017koen oso antzekoak dira. Izan ere,udala, kiroldegiaz arduratzen den enpresa eta erabiltzaileak gustura ageri dira. Enpresa esleipenduneko ordezkariak eta udal ordezkariak hiru hilean behin elkartzen dira jarraipena egiteko eta erabiltzaileen iritzia ere jaso dute.
2017ko eta 2021eko pleguen arteko aldeak azken urtebete honetan bizitakoarekin lotuta daude. Udalak egoera berrietara egokitzen jakitea oso garrantzitsua dela ikusi du eta pleguetan ordutegiak eta baldintzak aldatzeko malgutasuna sarituko da. Udaberrian kiroldegia itxita egon zen, baina udalak ez zion enpresari ordaintzeari utzi bere langileak soldatarik gabe geldituez zitezen. Udalak malgutasuna erakutsi zuen eta kiroldegiaz arduratuko den enpresari malgu-tasuna eskatuko dio.
Bestalde, klausula sozialek 2017ko pleguetan baino pisu handiagoa dute eta kontratuaren prezioa nabarmen igo da: 273.425 eurotik 311.041 eurora. Izan ere, kiroldegiak orain arte baino ordutegi zabalagoa izango du. Egun 07:00etatik 21:00etarairekitzen da, baina etxeratze-agindua bertan behera gelditzen denean, 22:00etan itxiko da.
Osoko bilkuran kale garbiketa zerbitzuaren kontratuaren aldaketa ere onartu zen. Kontratu hau 2018ko azarokoa da. Esleipendun enpresa 2019ko urtarrilaren 1ean hasi zen lanean eta ordutik kale-garbigailuak matxura asko izan ditu. Hori dela eta,egun batzuetan ezin izan da erabili.
Kale-garbigailu berria
Urretxuko Udalak kale-garbigailua aldatzeko eskatu dio garbiketaz arduratzen den enpresari. Honek proposatu duen kale-garbigailua egungoa baino hobea da, mangera eta pistola baititu. Kale-garbigailuaz gain, gatz barreiatzaile bat erosiko da. Izan ere, orain arte erabiltzen zena azken elurtean puskatu egin zen.
Kale-garbigailu berriak 126.136 euro (gehi BEZ) balio du. Zortzi urteko epean amortizatuko da. Gatz barreiatzaileak, berriz, 4.700 euro (gehi BEZ) balio du. Udalak 477.931 euro ordaintzen zizkion esleipendunari eta hemendik aurrera 19.675 euro(gehi BEZ) gehiago ordainduko dizkio.
Urretxuko Udalak diru-laguntzen oinarriak ere onartu zituen.Aurreko urteetakoen jarraipena dira, baina koronabirusarekin lotutako klausula bat gehitu dute: elkarteek, aurreikusitako ekintza aurrera ateratzen bada bakarrik kobratuko dute.
Euskara, kirola eta kultura
Euskarari dagokionez, euskara ikasteko eta euskarazko errotuluak eta webguneak egiteko diru-laguntzak egongo dira. Gainera, Goierriko Hedabideak enpresak eta Herri Urrats eta Nafarroa Oinez festek laguntzak jasoko dituzte. Bestalde, ikastetxeek euskara sustatzeko balio duten eskolaz kanpoko ekintzetarako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte.
Udalak kirol egitasmoetarako laguntzak ere onartu ditu. Aurrekontua 75.000 eurokoa da, baina aurreikusitako ekintzak baino gehiago egiteko aukera badago, aurrekontua handitu egingo da. Kultur elkarteei dagokienez, aurrekontua 61.000 eurokoa izango da. Hauen kasuan ere, diru-laguntza handitu egingo da aurreikusitako baino ekitaldi gehiago antolatzen badituzte. Gainera, udalak herritarren proiektu artistikoak diruz lagunduko ditu. Laguntza hau berria da.