Gaur goizean 43 urteko emakume bat hil dute Nafarroako Murchante herrian. Maria Pilar Berrio Jimenez Gasteizkoa zen eta 2017tik Murchanten erroldatua zegoen. 43 urte zituen. Bere ahizparen bikote ohiak hil duela uste da, 41 urteko P.M.R.J. zumarragarrak. Hilketaren ondoren ihes egin du eta ez dute aurkitu oraindik.
Emakumea 10:30ak baino apur bat lehenago hil dute, bere autoaren barruan, labana batekin. Autoa NA-6840 errepidean zegoen, Murchanteko futbol zelaitik gertu.
Itxuraz, hiltzaileak emakumearen autoa errepidetik atera du bere autoarekin. Ondoren, autotik atera eta emakumea hil du 9 eta 5 urteko umeen aurrean.
Poliziak kontrolak jarri ditu Murchante inguruko errepideetan, batez ere A-68 eta A-15 errepideetan, ustezko hiltzailea denak Zumarragara ihes egin zezakeelakoan.
Ustezko hiltzailea ez da sekula Zumarragan erroldatua egon, baina bere familia bertan bizi da. Antigua hiribidean, hain zuzen ere. Ertzaintzak Eitza auzoa itxi du, bizilagunei etxetik irtetea debekatu die eta familiaren etxera sartu da, baina ustezko hiltzailea ez zegoen bertan.