
Bihar (osteguna) San Martin eguna ospatuko dute Zumarragako Agiña auzoan eta Urretxuko Iparragirre plazan.
Agiñan, 12:00etan, meza eta prozesioa egingo dituzte. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute auzoko elkartean. 14:30ean auzoko erretiratuak bazkaria egingo dute Oleta elkartean.
Larunbatean eta igandean ere ekitaldiak egongo dira. Larunbatean, 17:00etan, haur jolasak eta txokolate jana egongo dira. 20:30ean afaria egingo dute, Miren eta Agurtzane trikitilariekin, Oleta elkartean.
Igandean, 11:00etan, pilota partidak jokatuko dira. Lehen partidan, Hodei Gorostidik eta Ibai Gorostidik, Martin Abarrategi eta Axular Guridirekin neurtuko dituzte indarrak. Bigarren partidan, Amets Enriquek eta Eneko Abarrategik, Ander Enrique eta Aratz Garmendiaren aurka jokatuko dute.
12:00etan erromeria egongo dute, ZU Dantzaz taldearekin, bertsolariekin eta txalapartariekin. Goizean zehar, buzkantza, txorizo egosia eta ardi gisatua jateko aukera egongo da Oleta elkartean. 14:30ean auzo bazkaria egingo dute, Olarte eta Lutxurdio trikitilariekin.
Urteroko moduan, festak Oleta elkarteak antolatu ditu, Zumarragako Udalaren laguntzarekin.
Urretxuko festari dagokionez, Udalak Abenduko Feria eta San Martin eguneko festa bateratu ditu, biak indartzeko. 17:00etan, lanabesak eta otarrak zozkatuko dituzte baserritarren artean, Abenduko Ferian egin ohi zen bezala. Ondoren, haurrentzako jolasak egongo dira. Herri kiroletan arituko dira eta parte hartzaileek opariak eta sariak jasoko dituzte. Txokolate jana ere egongo da. 18:00etan, pentatloi erakustaldia egongo da. Adin guztietako herritarrek osatutako bi taldek parte hartuko dute.
19:00etan odolki pintxo dastaketa hasiko da eta 19:30ean musika bandak eta Lizarriturri txistulari taldeak kalejira egingo dute. 20:30ak aldera San Martin auzoan joko dute eta ondoren Iparragirre plazara joango dira. Bertan, 21:00etan, bi urdaiazpiko zozkatuko dira. Zozketarako txartelak arratsaldean zehar salduko dira plazako karpan bertan eta lortutako dirua Agifes elkarteari emango diote.
San Martin eguneko festa 1970eko hamarkadaren erdialdean antolatu zuten lehenengoz, San Martin auzoko bizilagunek. Urteen poderioz, eta Urretxuko Udalaren laguntzarekin, festa onek indar handia hartu du.