
Bi-Tartean merkatari elkarteak Ber4 kanpaina jarri du martxan: praka bakeroak jaso eta horiekin mantalak egingo ditu.
Kanpainak jasangarritasunarekin lotura zuzena du: jasangarritasuna ingurumenarekiko, herriarekiko eta norbere buruarekiko (zaintza). Kanpaina lau fasetan burutuko da, hortik bere izena: berrerabili, berrasmatu, berpiztu eta berreskuratu.
Lehen fasea dagoeneko martxan dago. Nahi duten guztiek praka bakero zaharrak bi herrietan zehar jarri diren edukiontzietan utzi ditzakete: Zerki, Urki, Ederki, Goiur, La Perla Etxea, Ur, Belarzain, Aitxu, Elisabeth, Xarmanki-Bidegorri, Mari NKN, Buen Bokado, Urbe, Baby, Lanbroa, Rueda-Loraldi, Itxura, Doss, Oskarbi, Arku-Intersport, Lekuona, Mari, Kux-Kux, ATA, lizeoa, institutua, UGLE eta bi herrietako kultur etxeetan.
Bigarren fasean praka bakeroekin mantalak egingo dituzte. Mantalak Mairi emakume elkartekoek eta Leire Santillanek egingo dituzte. Mantal hauek bi herrietako elkarteentzat egingo dira, batez ere, herriaren alde egiten duen lana eskertzeko. Praka bakeroekin egingo diren mantaletako batzuk herriko dendetako bezeroen artean zozkatuko dira.
Hirugarren fasean ilusioa eta pasioa berpizten saiatuko dira. Fase horretan egindako mantalak erakutsiko dituzte. Laugarren fasea, berriz, herria biziberritzeko eta sinergia berriak sortzeko izango da. Horretarako, amaiera ekitaldi bat egingo da.