Bihar Antioko Musikaldiaren 39. edizioa hasiko da. Beti bezala, punta-puntako musikariek parte hartuko dute. Besteak beste, Grammy Latino sarietarako izendatua izan zen Daniel Garcia pianistak.
Antioko Musikaldian punta-puntako musikariek parte hartzen dute urtero eta aurten ere hala izango da. Lehen kontzertua bihar izango da: Grammy Latino sarietarako izendatua izan zen Daniel Garcia pianistak joko du, Pablo Martin kontrabaxuarekin batera.
Hilaren 10ean Artemandoline taldeak joko du, 17an Landarbaso abesbatzak abestuko du, 24an Steven Lin pianistak joko du eta urriaren 2an Juanma Begiristain eta Gorka Hermosa urretxuarrek joko dute.
Lehenengo lau kontzertuak Antion izango dira eta azkena Ezkioko Igartubeiti baserrian. Zumarragakoak 19:30ean izango dira eta Ezkiokoa 18:00etan. Antiora joateko autobus zerbitzua egongo da. 19:00etan aterako da, Elizkaletik.
Bihar, Daniel Garciak eta Pablo Martinek Recital 2.0 kontzertua egingo dute. Garcia Salamancakoa da. Espainiako jazz musikari ospetsuenetakoa da. Europa osoan jotzen du, bere taldearekin edo musikari onenek deituta. Musika tradizionaletik, flamenkotik eta musika klasikotik edaten du. Alemaniako ACT jazz zigilu ospetsuarekin lan egiten duen lehen espainiarra da eta Grammy Latino sarietarako izendatu zuten.
Martin, berriz, gasteiztarra da. Flamenko, jazz, musika klasikoa eta barrokoa egiten duten musikari askorekin lan egin du. Horretaz gain, pelikuletarako eta iragarkietarako musika konposatzen du.
Mandolina
Artemandoline taldeari dagokionez, Luz y norte kontzertua egingo du. Talde hau Luxenburgon sortu zen duela 20 urte eta sei musikarik osatzen dute. Mandolina barrokoarentzat konposatutako musikan espezializatutako talde bakarra da. Mandolina barrokoak indar handia izan zuen XVII. eta XVIII. mendeetan.
Landarbaso abesbatzak Elkano eta itsasoan lan egiten duten emakumeak omenduko ditu. Haur abesbatzak, koru mistoak, musikariek eta aktore batek parte hartuko dute. Landarbaso abesbatza 1991n sortu zen. Egun 100 kide baino gehiago ditu, hiru taldetan banatuta: Kontari (8-14 urte), Landarbasoko Dizdizka (15-21 urte) eta Landarbaso (17-45 urte). Landarbaso abesbatzako zuzendaria Iñaki Tolaretxipi da.
Hilaren 24an Steven Linek joko du. Pianista honek Tel Aviveko Arthur Rubinstein lehiaketa irabazi zuen. Bere belaunaldiko artista esanguratsuenen artean dago. 12 urterekin New Yorkeko filarmonikarekin jo zuen eta duela gutxi Carnegie Hall areto ospetsuan jo zuen. New York Times egunkariak bere lana goraipatu zuen.
Horretaz gain, mundu osoko orkestrekin jo du: Kansas City, Mexiko, Mendebal Australia, Indianapolis, Costa Rica, Israel, Baltimore… Hilaren 26ko astean, Antioko kontzertuaren ondoren, master class bat egingo du Secundino Esnaola musika eskolan.
Azkeneko kontzertua Gorka Hermosa akordeoilariak eta Juanma Begiristain klarinete-jotzaileak egingo dute, urriaren 2an Igartubeiti baserrian. Biek Gernikako bonbardaketari eskainitako lanak joko dituzte: Hermosaren Gernika 1937-4-26 eta Begiristainen Gernika suzko euripean. Hermosarena 1994an estreinatu zen eta mundu osoko akordeoilari eta orkestrek jo dute. Begiristainena, berriz, aurten estreinatu da.
Hermosa munduko akordeoilari entzutetsuenetako bat da eta Begiristainek Bilboko bandan jotzen du. Biek lehenengoz joko dute Igartubeiti baserrian.
Musikarien hitzak
Hermosak bi aldiz jo du Antioko Musikaldian: Jose Luis Montonekin eta Kaabestri Ensemble boskotearekin eta Eñaut Elorrietarekin. Ilusio handia egiten dio Begiristainekin jotzeak. «Oso musikari ona da eta Bilboko banda Estatuko onenetakoa da. Juanmak eta biok elkarrekin ikasi genuen umetan, baina ez dugu sekula elkarrekin jo. Pandemian elkarrekin lan egiten hasi ginen eta Igartubeitin Juanmaren ekimenez joko dugu».
Begiristaini ilusio handia egiten dio Hermosarekin Igartubeitin jotzeak. «Igartubeitikoei bertan jotzea proposatu nien eta Antioko Musikaldiko kontzertuan jotzea eskaini zidaten. Lehenengoz joko dut Antioko Musikaldian eta Igartubeitin. Xarma berezia duen tokia da».
Musikaldia Mikel Serrano alkateak aurkeztu zuen, atzo Antion. Serranok aldundiaren, Musika Hamabostaldiaren eta Antiguako Amaren Lagundiaren laguntza eskertu zuen eta Musikaldian primerako musikariek jo dutela gogoratu zuen: Ara Malikian, Kalakan, Ainhoa Arteta… Zaletu guztiak Musikaldira gonbidatu zituen.