Urretxuko Euskal Jaietako karroza lehiaketa Barunba kuadrillak irabazi du, Carl-en istoria kontatzen du, Ellie, emaztea hil ondorengo bakardadeari aurre egiten.

Urretxuko Euskal Jaietako igandean, ohitura denez, herriko kuadrillak zein eragileak karroza dotoreak eginda ateratzen dira kalera, bakoitza bere musikariekin eta giro apartean. Aurten 10 taldek hartu dute parte lehiaketan eta ‘Barunba’ kuadrilla gailendu da, Carl-en istoria kontatzen du haien karrozak, Ellie, emaztea hil ondorengo bakardadeari aurre egiten eta zoriontasuna auzitan jartzen. ‘Amaiera duina’ izenpean aurkeztu dute karroza eta garaikurra eraman dute azkenean. Salto, dantza eta besarkada artean osptu dute garaipena, Gernikako Arbola Plazako oholtzan, beste parte-hartzaile guztien txalo eta oihu artean.
10 urteko ibilbidea: “Eyak Jodiu”
10 urteko ibilbidearen ondoren azken aldiz parte hartu du ‘Eyak Jodiu’ kuadrillak. Nerabe zirela hasi ziren urtero karroza egiteko ilusio horri segika lanean eta aurten, 10 urteren ondoren azkeneko karroza atera dute kalera, musikaz ondo girotua. Une ederra bizi izan dute azken aldiz karroza hartuta plazan sartzean. Aurkezleak aipamena egin dio kuadrillari eta eskerrak eman dizkie urte hauetan sortutako giroagatik eta karroza lehiaketan eredu izateagatik belaunaldi berriei begira, jendea parte-hartzera animatzen baitzuten.