Gaur, urriaren 1ean, Pertsona Nagusien Nazioarteko eguna da. Zumarragako Pertsona Nagusien Kontseiluak ospakizuna egin du.

Gaur urriaren 1a, nazioarteko pertsona nagusien eguna da eta Zumarragako Pertsona Nagusien Kontseiluak ekitaldi alaiarekin, musikarekin eta jaiarekin ospatu dute. “Ez da ezer hoberik bizitza ospatu ahal izatea baino. Bizitza gero eta luzeagoa, horrek dakarren guztiarekin”, adierazi dute. Ekitaldiko argazkiak ikusteko sakatu hemen.
Irakurri duten manifestuan adierazi dutenez, “bzitza-luzera berriaren ezaugarria da, hain zuzen ere, gizakiok ez garela inoiz hainbeste urtez bizi izan. Kalkuluen arabera, bizi-itxaropena 100 urtekoa izango da laster, eta 120 urte inguruko atalase naturalera iritsiko da denbora gutxian. Asteartean izan genuen hitzaldian, Gurutz Linazasorok horri buruz hitz egin zigun. Aurrekaririk gabeko egoera honetan oinarritu ahal izateko, paradigma berri batean mugitu behar dugu. Paradigma horrek, zoritxarrez, narratiba zahar batek baldintzatuta jarraitzen du, mito eta gertakari anakronikoek alboratuta. Gizarte gisa, eta, batez ere, Kontseiluaren erronka gisa, ikuspegi berri bat izan behar dugu “nagusi egitea” zer den ulertzeko, eta gizabanako gisa, eredu mentala aldatu behar dugu, ikuspegi positibo, proaktibo eta prebentibo baterantz”.
Honela, sortu berria den Pertsona Nagusien Kontseiluak erronka asko ditu aurretik. “Hala nola, bakardadeari eta isolamenduari aurre egitea, osasuna hobetzea, zainketan laguntzea eta pertsona nagusiei egokitutako teknologiak erabiltzea. Gainera, hemen gauden pertsona askok etxean zahartu nahi dugu, Zumarragan, gure ingurunean. Horregatik, batzuetan, gure etxebizitza egokitzea, teknologiaren laguntza izatea edo baliozko sare komunitarioak izatea eskatzen du. Kontseiluan gizarte-sare sendoa sustatu nahi dugu, familian, lagunartean edo komunitatean. Hau da, ahalduntzea, gure autonomiaren alde borrokatzea eta lan egitea, ingurunearekin loturak ehuntzea eta gure eskubide, betebehar eta askatasunak sustatzea”.
Gaur nabarmendu nahi izan dutenez, “argi dugu pertsona guztiok dugula, gure adina edozein dela ere, oinarrizko zerbitzuak autonomiaz jasotzeko eskubidea. Teknologiak ez lituzke oztopo berriak sortu behar, edo lehendik dauden desberdintasun sozialak areagotu; horiek ezabatzen lagundu beharko luke. Digitalizazioaren diskriminazioak ez dio bankuari bakarrik eragiten, oinarrizko beste zerbitzu batzuei ere eragiten die, hala nola, medikuaren hitzordua eskatzean edo gizarte-segurantzan prestazio bat eskatzean. Kudeaketa horiek guztiak Internet bidez egiteko aukera aurrerapauso handia da, zalantzarik gabe, eta alderdi positibo asko ditu, baina ezin da bide bakarra izan, eta ezin dira lehendik zeuden zerbitzuak ordezteko izan, horrek eragotzi egiten baitu pertsona askok beren oinarrizko eskubideez gozatzea, eta, gainera, eskainitako zerbitzuak okertzea eragiten du”.
Beraz, “teknologiak zerbitzuak hobetu eta gure bizitzak erraztu behar ditu, ez du bazterkeria-modu berririk sortu behar, eta autonomiaz bizitzeko eta erabakiak hartzeko gai diren pertsonak ez ditu ezgaitu behar. Horregatik, digitalizazio-prozesuak inklusiboa, unibertsala eta doakoa izan behar du pertsona ahulenentzat”.
Gaurko ekitaldiaren bitartez, honako erronka erakutsi nahi izan dute: “Zahartzaroa jada ez da gaixotasunaren sinonimoa. Gure bizitzaren zatirik handiena, osasun onaz gozatuz bizitzea aurreikusten da. Puntu honetan, Osakidetza hartzen ari den norabideak kezkatzen gaitu bereziki, eta horregatik, Kontseilu gisa, errealitatearen berri emateko eta hobetzeko alderdiak proposatzeko borrokatuko dugu.
Gaur egungo pertsona nagusiak askoz aktiboagoak dira eta gizartean inplikatuta jarraitu nahi dute. Pertsona nagusiak oso talde heterogeneoa dira eta ezin dira talde uniforme gisa etiketatu. Hezkuntza eta belaunaldien arteko interakzio-maila handiagoari esker, pertsona nagusiak gero eta hurbilago daude eta teknologia gero eta gehiago erabiltzen dute”.
Hausnarketa
Beste hausnarketa bat ere egin dute: “Emakumeok gizonek baino bizi-itxaropen handiagoa dugu, baina, aldi berean, gaixotasun gehiago garatzen ditugu, bereziki kronikoak. Urte gehiago bizi garenez, gure bizitzako azken urteak bakardadean bizitzeko joera handiagoa dugu, asko alargundu egiten garelako. Hori gutxi balitz, ekonomiari dagokionez, emakume nagusiok, batez beste, gizonek baino %32 gutxiago kobratzen dugu pentsioan. Hala ere, emakumeak gara erabaki ekonomikoak hartzen ditugunak, eta erretiroaren ikuspegia errealistagoa da gizonena baino. Azkenik, azpimarratu behar da emakumeak garela zaintzaile nagusiak”.
Etorkizunerako helburu berriak
Gaur egun, etorkizunari helburu berriekin begiratzen diote pertsona nagusiek eta h”auek ikusarazteko gogo handiarekin gaude. Egun hau ospatzera gonbidatzen zaituztegu, baina baita urte osoan ere, non lanean jarraituko dugun helburu bera duen pertsona heterogeneo eta adin desberdinetako talde gisa. Izan ere, Zumarragako biztanleriaren ia % 25 ak 65 urtetik gora ditu. Baina herritarrekin eta alde guztien borondatearekin batera, helburu hori eta beste batzuk betetzea eta gauzatzea lortuko dugu. Orain, goza dezagun gaurko egunaz, asteaz egin dugun bezala, eta ospa dezagun eta goza dezagun bizitza-luzera berriaz”.