Oihana Merino Cabrera (Donostia, 1981) Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko teknikari berria da
Ze ikasketa egin zenituen?
Pedagogian lizentziatu nintzen eta Filosofia ere ikasi nuen, baina ez nuen amaitu. Ondoren, garapenerako lankidetzan formatu nintzen. Erdi kanariarra naizenez, ama Lanzarotekoa dut, han bukatu nituen ikasketak eta han hasi nintzen lanean. Hamar urte eman nituen bertan Kanariar Uharteetan.
Zertan lan egin duzu?
Gobernuz Kanpoko Erakundeetan lan egin nuen, Munduko Medikuak elkartean bereziki. Ondoren, Senegalera joan nintzen. Urtebete eman nuen han. 2008ko krisiarekin, Kanariar Uharteetan egoera sozioekonomikoa asko zaildu zen. Hori dela eta, etxera itzuli nintzen. Ordutik, denetik egin dut: ostalaritzan lan egin dut, elkarte ezberdinetan, hezkuntzan, garapenerako lankidetza proiektuak garatzen… Horretaz gain, enpresa txiki bat sortu nuen eta eskulanak egiten irakasten dut.
Ze eskulan?
Eskulanak ikuspegi terapeutiko batetik irakasten ditut. Eskulanak baliabide bat dira lan komunitarioa egiteko.
Curriculum aberatsa duzu.
41 urte ditut eta 24rekin hasi nintzen lanean.
Nolatan bukatu duzu Urretxun?
Donostian, emakumeen whatsapp talde bateko kidea naiz. Ekintzak, eskaintzak… partekatzen ditugu eta Urretxuko lagun batek Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren lan eskaintzara aurkeztea proposatu zidan. Nire profileko jendea bilatzen zutela esan zidan eta aurkeztea erabaki nuen. Handik astebetera, etortzeko prest nengoen.
Zure aurretik Monica Leiva eta Maite Aguado aritu dira. Beraiek egindako lanari jarraipena eman behar al diozu?
Beraien lanari jarraipena emango diot, noski: harrera eskola, irakurketa errazeko taldea, zurrumurruen aurkako saioak, +65 taldearekin lan egingo dut, jubilatuen etxea dinamizatzeko asmoa dugu… Pandemiak geldiarazi egin gintuen eta adinekoekin batera jubilatuen etxea biziberritu nahi dugu.
Aurkitu duzuna gustatu al zaizu?
Positiboki harrituta nago. Harrera eskolaren ikuspegia zoragarria iruditzen zait. Kanariar Uharteetan etorkinekin lan egin nuen eta hango testuingurua ezberdina da. Hemen atzerritik datozenei halako harrera egiten zaiela ikustea zoragarria da. Udal guztiek halako harrera egitea gustatuko litzaidake. Urretxuko Udalak oso jarrera positiboa du aniztasunaren aurrean. Oso proiektu polita iruditzen zait.
Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?
Aniztasuna positibotzat hartu behar da eta horrela kudeatu. Hori da Urretxuko Udala egiten ari dena.
Urretxu ezagutzen al zenuen?
Ez nuen ezagutzen. Oso herri polita iruditu zait. Orain arte, dena oso atsegina izan da: jendearen harrera, udalaren harrera… Dena erraztu didate.