Urretxuk eta Zumarragak ehunka etorkin hartu dituzte joan zen mendeko erdialdetik gaurdaino. Bi udalek bertara etorri eta euskarara gerturatu direnak omendu dituzte. Beraien testigantzak jaso dituzte bideo batean. Elkarrizketak Badihardugu elkarteak egin ditu.
Urretxuk eta Zumarragak ehunka etorkin hartu dituzte joan zen mendeko erdialdetik gaurdaino. Bi udalek bertara etorri eta euskarara gerturatu direnak omendu dituzte. Beraien testigantzak jaso dituzte bideo batean. Elkarrizketak Badihardugu elkarteak egin ditu.
Bideoa atzo aurkeztu zuten Zelai Arizti aretoan. Ekitaldian bideoko protagonistek eta beraien senitartekoek parte hartu zuten.
Egitasmoaren izena Bertakotzen da. 17 elkarrizketatuk hartu dute parte. 1950etik 1970era eta 2000tik 2020ra etorritakoen testigantzak jaso dituzte. Horretarako, belaunaldi ezberdinak elkartu dituzte, transmisioaren garrantzia nabarmentzeko: aitona-amonak bilobekin, gurasoak seme-alabekin…
Atzoko ekitaldiaren lehen zatian joan zen mendearen erdialdera bidaiatu zuten, bi herriek etorkin gehien jaso zituzten garaira. Gorka Hermosak Alabei lana jo zuen eta pantailan argazki zaharrak erakutsi zituzten.
Ondoren, Nerea Errasti eta Maialen Fidalgo Euskara zinegotziek eskerrak eman zizkieten guztiei, belaunaldi hartako kideek seme-alabak euskaraz eskolaratzeko borrokatu baitziren. Horri esker, egun 40 urtetik beherako urretxuar eta zumarragar ia guztiek euskaraz dakite.
Garai hari dagokion bideoaren zatia eman zuten eta Antonio Prada Zumarragako agirizainak urte haietako datuak eman zituen.
Ondoren, 2000-2020 aroari heldu zitzaion. Urte horiei dagokien bideoaren zatia eman zen eta Fidalgok Muhammad Umair (Omar bezala ezaguna) urretxuarra elkarrizketatu zuen. Pakistandar gazte honek bizitza hobe baten bila datozenek bizi dituzten zailtasunen berri eman zuen.
Bukatzeko, Fidalgok eta Errastik eskerrak eman zizkieten elkarrizketetan parte hartu duten herritar guztiei. Eta, herritar guztien testigantzak jasotzea ezinezkoa denez, gainontzekoei beraien familietako istorioak belaunaldiz belaunaldi transmititzeko eskatu zieten.
Bi zinegotziek bi udaletako Euskara zerbitzuak euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko lanean jarraituko dutela aurreratu zuten. Azken urteetan euskararen erabilerak behera egin du eta herritarrei, beraien aurrekoek egin zuten bezala, ondorengoei euskara erabiltzera animatzeko eskatu zieten.
Horretaz gain, euskararen erabilera areagotzeko orduan elkarlana funtsezkoa dela gogoratu zuten. Hala, ikastetxeen, udalen, Zintzo-Mintzo euskaltzale elkartearen, kultur elkarteen, kirol elkarteen, merkatarien eta familien garrantzia azpimarratu zuten.
Elkarrizketak ikusteko, sakatu hemen.