Andoni Aretxabaletak pilota utzi behar izan du, lesio bat medio. Bihar omenaldia egingo diote Bilboko pilotalekuan. Markinarra da, baina bere ama zumarragarra da, eta jarraitzaile asko ditu bertan.
Andoni Aretxabaletak pilota utzi behar izan du, behatzeko lesio bat dela eta. Bihar arratsaldean Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den jaialdian omenaldia egingo diote. Aretxabaleta bizkaitarra da, baina bere ama Zumarragako Eitza auzokoa da. Amaren aldeko familia guztia Zumarragan du eta jarraitzaile asko ditu bertan. Lehen pilotakadak Eitzako ermitako frontoian eman zituen, gainera. Amama Maria Jesusek, arreba Nereak, Arantxa izebak eta Irune lehengusinak Aretxabaletari buruz hitz egin dute, Eitzan bertan.
Pilota utzi beharra du, baina pozik daude ondo ikusten dutelako. «Pena handia dugu, baina bera ondo ikusten dugu. Hori dela eta, lasai gaude», dio izebak. «Pena handiena nola bukatu duen ikusteak ematen digu. Berak pilotan jokatzen esan nahi zuen agur, Oinatzek bezala, baina harro dago egindako ibilbidearekin», gehitu du arrebak.
Agurra bihar izango da, Bizkaia pilotalekuan. «Ez dakigu ekitaldia nolakoa izango den. Nik ez dut joaterik, ezkontza bat baitut. Dena den, ez da omenaldi bakarra izango. Markinan beste omenaldi bat egin behar diote eta hor egongo naiz, noski», aipatu du Nereak. Zumarragako senitartekoak bi omenaldietara joango dira. «Bilboko omenaldira 10-11 lagun joango gara», esan du izebak.
Ekitaldi hunkigarria izango da, Aretxabaletak arrastoa utzi baitu. Lesioekin zorte txarra izan du, baina lagun asko egin ditu. «Jende asko ezagutu du. Oso alaia eta irekia da eta lagun handiak egin ditu».
Eskuzabala izan da, gainera. «Lesioekin ez du zorte handirik izan eta behar bezain ondo egon ez denean zintzoa izan da eta besteei jokatzeko aukera eman die. Bere izateko erari esker, jendearen maitasuna irabazi du. Txapelik ez du irabazi, baina jendeak estimua dio. Aimarren eta Oinatzen despedidetan nolakoa den ikusi zen (Aimarri aurreskua dantzatu zion eta Oinatzi El rey rantxera abestu zion). Pailazo samarra da, denetara apuntatzen da», azaldu du Nereak.
Plazagizona da. «Oinatzen omenaldian egin zuena ez zegoela prestatua esan zidan. Minutu gutxi batzuk lehenago erabaki zuela». Izebak hemendik aurrera abeslaria izan daitekeela gehitu du, txantxetan.
Oraingoz, komertzial lanean ari da. «Pentsu enpresa batean lan egiten ari da: bezeroak lortzen, banaketa egiten… Oso gustura dago. Izan ere, harremanetarako gaitasun handia du. Beretzako moduko lana da: baserrietara joan, jendearekin egon… Okerrago egon da. Pilotan horrenbeste urte aritu ondoren, bere burua salduta ikusi zuen. 18 urterekin egin zuen debuta eta 29 urte besterik ez ditu».
Lana aurkitu du eta, gainera, beste kirol batzuk egiteko aukera izango du. «Igerian ere oso ona zen, baina igeriketa utzi behar izan zuen urak eskuak biguntzen zizkiolako. Pena handia eman zion. Futbolean ere ondo jokatzen zuen. Altua da eta atzelari postuan ondo moldatzen zen, baina behatz bat hautsi zuen eta eta futbola uztea erabaki zuen. Umetan kirol guztietan ondo moldatzen zen. Txandala janzten zuen beti. Orain bizikletan ibiltzen hasi da».
Beharbada hemendik aurrera bizikletan etorriko da Markinatik Eitzara, amama, gainontzeko senitartekoak eta lagunak bisitatzera. Izan ere, Zumarragan ere lagun asko ditu. «Jendeak aprezioa dio. Kalean beragatik galdetzen digute eta eskertzekoa da. Gehiagotan etortzea gustatuko litzaiguke, baina… Beasainen entrenatzen zuenean, askotan etortzen zen amamaren etxera», gogoratu du Arantxak.
Eitzarekin lotura
Bai Andonik eta bai Nereak harreman estua dute Eitzako senitartekoekin. «Duela urte batzuk, Gabonetan, txapelketa garaia zuen eta elizako arkupera jaitsi zen eskuak berotzera. Bertan zeuden haur batzuekin jokatu zuen eta amaieran bere argazkia oparitu zien».
Nerea Eitzan bizi da egun. «Umetan askotan etortzen ginen eta hemen gelditu naiz. Beti hemengoak ere sentitu gara eta jendeak gertutik jarraitu du Andoniren ibilbidea. Zumarragan… eta inguruko herrietan ere bai. Ezkioko erizaina naiz eta Ezkioko, Itsasoko eta Gabiriako bizilagunek beragatik galdetzen didate. Beti Andoniren arreba izateagatik ezagutu naute», dio Nereak.
Bilbon omenaldia egin behar diote, Markinan ere bai… Eitzan ez al diote omenaldirik egin behar? «Oraindik ez dugu horretan pentsatu. Markinakoa dugu buruan. Izan ere, badakigu bertan parranda ederra egingo dugula. Eitzako jaietan etortzeko eskatuko diogu! Beti du zerbait… Lagun asko ditu, konpromiso asko, eta bazkari bat egin nahi dugunean komeriak izaten ditugu», aipatu du izebak.