Talde laranjak gaur egin du urteko balorazioa, eta Jorge Azanza kirol arduradunak aipamen berezia egin dio txirrindulari urretxuarrari
Jorge Azanza Euskaltek-Euskadiko kirol arduradunak Xabier Isasa “gaztearen distira” azpimarratu zuen atzo, denboraldiaren balantzea egiterakoan. Halaber, txirrindulari guztien “gogoa eta konpromisoa” ere aipatu zituen.
“Emaitzak, garaipenak, ez ziren garrantzitsuenak, oso zaila dela jakinda, baizik eta txirrindulari batzuen urratsak ikustea. Pozik nago. Nortasuna erakutsi dugu errepidean lehia gehienetan. Eta amateur mailatik igo diren hiru txirrindulariak oso ondo moldatu dira, maila ona eman dute, eta hori da gure ildoa. Laboral eta beste talde batzuetako trebakuntza lana fruituak ematen ikustea. Harrobiko txirrindulari horiek pausoak nola ematen dituzten ikustea gauza polita da”, gaineratu zuen Azanzak.
Isasak hamazazpi probetan hartu du parte aurten. 56 lehiaketa egun, denera. Nabarmentzekoak dira Andaluziako Itzuliko lehen etapan laugarren amaitu zuela, 184 kilometro ihesi ibili ostean; Alentajo eta Joaquim Agostinho itzulietan hirugarren gazterik onena izan zen; eta Euskal Herriko itzuliko Euskaltel-Euskadiko zazpikotean sartzea lortu zuen. World Tour maila goreneko bere lehen lasterketa izan zen.