Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia Astea abian da. Alberto Fernandezek egindako dinosauroek udaletxeko ataria hartu dute eta Jose Maria Hernandezek erupzioei buruz hitz egingo du.
Abian da Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia Astearen 34. edizioa. Urteroko moduan, irteera mineralogikoarekin hasi da. Udaletxeko erakusketa dagoeneko zabalik da eta bihar mineral, fosil eta harribitxien azoka eta parkea irekiko dira.
Irteera mineralogikoa larunbatean egin zuten. Urteroko moduan, autobusa bete egin zen. Mineralogia zaleak Nafarroako Los Arcos herriko Emilia meategira joan ziren.
Atzo Urretxuko udaletxeko porteeko erakusketa ireki zen. Bertan, Alberto Fernandez Blanco zumarragarrak egindako dinosauroak ikus daitezke. Fernandezek umetan ezagutu zuen Mineralogia eta Paleontologia Astea. 1988an bisitatu zuen lehenengoz, 9 urterekin. Bertan zaletu zen eta. ordutik, ez du sekula kale egin. Aurten, bere dinosauroen eskutik, protagonistetako bat izango da. Fernandezek berak sortutako dinosauroen erreplikak ekarri ditu.
Erakusketan, modu didaktikoan aurkeztutako hamar erreprodukzio horiez gain, Javier Aguadoren fosilak ikus daitezke. Gaur eta bihar erakusketa 17:00etatik 20:00etara irekiko da eta larunbatean eta igandean 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Bisita gidatuak
Bestalde, gaur Urrelur museoko bisita gidatuak hasiko dira. Museoa Aizpurunea kultur etxeko beheko solairuan dago. Bi zati ditu: mineralei buruzkoa eta fosilei buruzkoa.
Gaur eta bihar 17:00etatik 20:00etara irekiko da eta larunbatean eta igandean 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Aste honetan bisita gidatuak doan izango dira. Gaur ikastetxeen bisita gidatuak hasiko dira. Txanda hartu duten ikastetxeetako ikasleek mineralen eta fosilen munduaz gozatzeko aukera edukiko dute. Euskal Herri osoko haurrak etorriko dira.
Larunbateko eta igandeko bisita gidatuak, berriz, nahi duen ororentzat izango dira. Hiru bisita gidatu egingo dira egunero: 12:30ean (bisitariek adostutako hizkuntzan), 18:00etan (euskaraz) eta 19:00etan (gazteleraz). Kultur etxeko beheko solairuan, museoaz gain, tailerrak daude. Bertan, mineralen ezaugarriak ezagutzeko aukera ematen da.
Hitzaldi bat ere antolatu dute. Jose Maria Hernandez geologoak emango du, larunbatean 12:00etan Urrelur museoan. Duela ia 100 milioi urte Urretxun egondako sumendi erupzioez hitz egingo du. La Palmako bulkanismoarekin alderatuko ditu.
Bihar, berriz, mineral, fosil eta harribitxien feria eta mineralogia eta paleontologia parkea irekiko dira. Feria Ederrena pilotalekuan egingo da eta parkea Iparragirre plazan egongo da. Biak 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara irekiko dira, bihar, etzi eta igandean.
Mineral, fosil eta harribitxi azokan txoko guztietatik etorritako saltzaile eta adituak elkartuko dira. Parkeari dagokionez, haurrek historiaurreko emakumeek eta gizonek bezala margotzeko, putzu batean urrea bilatzeko, meategi batean lan egiteko eta dinosauro bilakatzeko aukera edukiko dute.
Argazki lehiaketa batean parte hartzeko aukera ere egongo da. Heldu eta gaztetxo onenentzako sariak egongo dira. Oinarriak urretxu.eus webgunean kontsulta daitezke.