Alberto Fernandez urretxuarrak egindako dinosauroak aurtengo Mineralogia eta Paleontologia asteko protagonista nagusiak izan dira. Kale garbitzailea da eta birziklatutako materialarekin egin ditu.
Steven Spielberg zine zuzendariak dinosauroak modan jarri zituen 1993an, Jurassic Park pelikularen eskutik. Horretarako, benetakoak ziruditen dinosauroak sortu zituen. Horixe bera egin du Alberto Fernandez urretxuarrak: birziklatutako materialarekin dinosauroak egin ditu eta Urretxuko udaletxeko portaloian ikusgai jarri ditu. Mineralogia eta Paleontologia asteko izarrak izan dira.
Fernandez haurra zenean, Mineralogia eta Paleontologia Astea Ederrena pilotaleku zaharrean egiten zen. Bera ondoan bizi zen, Gernikako Arbola plazan bertan, eta zaletu egin zen. «Mineralen kolore biziak txundigarriak iruditzen zitzaizkidan. Eta fosilak gure planetan bizi izan diren izakien aztarnak direla jakitea ere sekulakoa da. Hala mineralak eta fosilak biltzen hasi nintzen. Dinosauroen mundua ere asko gustatzen zait».
Eskulanetarako trebea da, Felix Vaqueriza zenarekin marrazten eta margotzen ikasi zuen, eta dinosauroen maketak egitea erabaki zuen. «Mineralogia eta Paleontologia Astera dinosauroak ekarri izan dira, baina azken urteetan ez dira ekarri. Eskultura lantzeko gogoa nuenez, dinosauroak egitea erabaki nuen».
Bi urtetako lana
Hamar dinosauro egin ditu, azken bi urteetan. «Lanetik irten ondoren, aspertuta egon beharrean, dinosauroak egin ditut. Bi ordu egun batean, ordu eta erdi hurrengoan… Konturatu naizenerako, hamar egin ditut».
Guztiak birziklatutako materialarekin egin ditu. «Kale garbitzailea naiz. Zabor asko sortzen dugu eta berrerabiltzea erabaki dut. Hori izan da helburu nagusietako bat. Erabili dudan materialaren %75 birziklatutakoa izan da. Erakusketan zegoen neskari haurrei hori argi uzteko esan nion. Botatako materialarekin gauza asko egin daitezke. Kartoia, papera, alanbreak, poliespana… erabili ditut».
Hamar dinosauroak ezberdinak dira. «Bakoitza mota batekoa da. Informazioa Internetetik hartu nuen. Zalantzaren bat nuenean, Javier Aguadori deitzen nion (Mineralogia eta Paleontologia Astearen sortzailea)».
Aguadori ere asko gustatu zaizkio dinosauroak. «Lehenengoa bukatu arte, ez nion erakutsi. Asko gustatu zitzaion. Mineralogia eta Paleontologia Astean erakustea proposatu nuen eta baiezkoa eman zidaten. Nire aletxoa jarri nahi nuen, Javierrek sekulako lana egiten baitu».
Aurten, Fernandez eta bere dinosauroak protagonista nagusiak izan dira. «Ez zait protagonismoa gustatzen eta apur bat gaindituta sentitu naiz. Jendeari asko gustatu zaizkio. Zenbaitek plastikozkoak zirela uste zuten, makinekin eginda zeudela. Sinesgaitza iruditzen zitzaien eskuz egindakoak izatea. Haurrek argazki pila bat atera dituzte dinosauroekin. Batzuk asko dakite gai horri buruz».
…………………….
Horra hor Fernandezen dinosauroak egiteko prozesua: