Bi-tartean elkarteak Urretxuko eta Zumarragako sortzaileek egindako mantalak ikusgai jarri ditu Zelai Arizti kultur etxeko sarreran. Erakusketa hilaren 25a arte egongo da zabalik. Mantal horiek (30) erakusketak iraun bitartean kanpainara atxikitako establezimenduetan erosketak egiten dituztenen artean zozkatuko dira. Erosketa horiek gutxienez 40 eurokoak izan behar dira.
Erakusketa Bi-Tartean elkarteak apirilean abian jarri zuen Ber4 kanpainaren baitan antolatu da.
Jasangarritasunarekin lotuta dagoen kanpaina da, eta ingurumenarekiko jasangarritasunaz gain jasangarritasun sozialari heltzen dio, gure inguruari balioa emanez.
Kanpaina lau fasetan garatu da. Erabiltzen ez ziren galtza bakeroak biltzen hasi zuten kanpaina. Praka horiei beste erabilpen bat eman nahian, mantalak egin zituzten. Mantalak, 108 guztira, Mairi elkarteko kideek eta Ur Lantokiak egin dituzte.
Bi-Tarteanek mantal horiek Urretxu eta Zumarragako elkarteei oparitu dizkie, herriaren alde egiten duten lana aitortzeko eta eskertzeko.
Horretaz gain, aipatu bezala, sortzaileek beste 30 mantal egin dituzte. Horiek herritarren artean zozkatuko dira.