Alex Diaz (Baque) urretxuarrak eta Nicolas Alustiza (Laboral Kutxa) zumarragarrak lan bikaina egin dute gaur goizean Legazpiko Santikutz klasikoan. Urretxuko txirrindularia hirugarren sailkatu da eta Zumarragakoa laugarren. Lasterketa Unai Zubeldiak (Laboral Kutxa) irabazi du.
Elite eta 23 urtez azpiko ia 200 txirrindularik parte hartu dute Telleriarteko Txirrindulari elkarteak antolatutako proban, eta 132k lortu dute 167,2 kilometroko ibilbidea osatzea, batez besteko 38,008 kilometro orduko abiadurarekin. Thomas Silva eta Alex Diaz, Zubeldiarengandik 23 segundora heldu dira. Laugarren postuan Nikolas Alustiza zumarragarra sailkatu da, 23 segundora hori ere. Taldeko saria Laboral Kutxak irabazi du.
Kotxean lasterketa barrutik jarraitu duen Jokin Matxinandiarena antolaketa taldeko kideak azaldu duenez, “proba oso borrokatua izan da, batez ere Caja Rural eta Laboral Kutxako taldeen artean”. Borroka hori, hain zuzen, sailkapenean islatu da, Zubeldia irabazlea Laboral Kutxakoa delako, eta Silva bigarrena, eta orain arte Espainiako Kopako liderra, Caja Ruralekoa. Lasterketak denetik izan du, erorikoak eta ihesaldiak tarteko. Aurrean hamar-bat laguneko talde bat ibili da azken kilometroetan, eta Mantxolatik Atagoitira doan Kirtenberg aldapa gogorrak ezin izan du talde hori hautsi. Hala ere, azken kilometroetan Zubeldiak ihes egitea lortu du. “Horrelako talde bati ihes egiteko berezko indarra behar da, eta lortu duen 23 segundoko aldea helmugaraino eusteko, baita aldapan behera ere, oso azkarra izan behar da”, esan du Matxinadiarenak, “azkenaldian oso ondo dabil, ematen du bere unerik onenean dagoela Zubeldia”.