Jon Plazaolak (Urretxu, 1982) ‘Tu-tum, platz!’ bakarrizketa aurkeztuko du ostiralean, 20:00etan, Tolosako Leidor aretoan. Plazaolak bakarrizketari bezala hasi zuen bere ibilbidea.
Herrian zabiltza azkenaldian.
Azkeneko egitasmoarekin (Amar es para siempre telesaila) Madrilen urte bete baino gehiago eman ondoren, ez nintzen gau bakar bat gehiago gelditu bertan. Bukatu bezain laster, furgoneta hartu eta herrira itzuli nintzen. Uztaila amaiera zen eta iazko uda ikaragarri txarra izan zen. Sekulakoa beroa egin zuen. Jasanezina izan zen. Eta hemendik aurreragoko udak are eta beroagoak izango diren beldur naiz.
Zertan zabiltza?
Urte bete honetan telesail bat grabatu dugu ETBrentzat. Bizkaiko kostaldean grabatu genuen. Horretaz gain, antzerkiarekin jarraitzen dut. Madrilekoa gelditu egin dut etxe inguruan ibiltzeko bolada batean, gure Teo koxkortu arte (semea aurki jaioko da).
Zer diozu telesailaz?
Drama eta thriller-a da. Donibane izeneko kostaldeko herri batean Mikel bizi da, nire pertsonaia. Mundu osoan surflari profesional bezala ibili ondoren, erretiratu, herrira itzuli da eta surf eskola bat ireki du. Bere emaztea zena hilzorian dago eta beraien alabaren kargu egiteko eskatzen dio. Emazte ohia eta alaba Mexikon bizi dira eta 17 urteko alaba Donibanera doa, oraindik ezagutzen ez duen aitarekin bizitzera. Alabaren eta aitaren arteko harreman tirabiratsua telesailaren ardatzetako bat da. Bestalde, Mikelek iragan ilun bat du eta bere lagun mina (Pello) herrira itzultzen denean, iragan ilun hori azaleratu egingo da. Horrek hautsak harrotuko ditu. Pellok dena hankaz gora jarriko du. Nerabeen trama bat ere badago. Mamia du. Oso gustura lan egin dugu.
Noiz emango dute?
Postprodukzio lanak bukatzen ari dira, baina oraindik ez dakigu noiz emango duten. Berehala uda dator eta agian ez da audientzia erakartzeko garairik onena. Beharbada, udazkenera arte itxarongo dute. Hori beste batzuen eskuetan dago. Gure nahia telesailak arrakasta izatea eta bigarren denboraldia egitea da.
Antzerkia ere aipatu duzu.
Antzezlan batean baino gehiagotan ari naiz. Un Oscar para Oscar lanarekin estatu osoan ari gara. Abuztuan, 23tik 27ra, Donostiako Victoria Eugenia antzokian arituko gara. Irabazi nire bakarkako antzezlanarekin ere banabil. Hurrengo emanaldia Bilboko Euskalduna jauregian izango dut, maiatzaren 27an. Orain estreinatzera noana, berriz, bakarrizketa bat da. Garai batean egiten nituena bezalakoa. Sustraietara itzuli naiz. Tu-tum, platz! da bere izenburua: umorista batek errematea egiten duenean bateriarekin egiten den soinua irudikatzen du.
«Aitziber Garmendia eta biok beti gaude elkarri laguntzeko prest»
Esan bezala, bakarrizketekin hasi zenuen zure ibilbidea.
Lan berriarekin duela 23 urteko espiritua berreskuratu nahi dut. Gaztetasuna ez dut berreskuratuko, baina espirituari eutsi egin diezaioket eta asmo horrekin nator.
Zein da bakarrizketaren mamia?
Denborarekin igarotzeak nola ukitzen gaituen: 40 urte bete ditugunon krisia, 23 urte hauetan egondako aldaketak… Gauzak asko aldatu dira. Teknologiak gu kontrolatzen gaitu, guk teknologia baino gehiago. Bakarrizketa berriak nostalgiatik dezente du. 40 urte bete ditugunok haurtzaroa eta gaztaroa oso modu berezian bizi izan genituen eta hori transmititzera nator. Baikortasunaren aldarrikapena egingo dut, azkenaldian edozein aitzakia nahikoa baitugu munduaren amaiera datorrela pentsatzeko. Aldaketa klimatikoak, pandemiak… ezkorragoak izatera eraman gaituzte. Barre egitea terapeutikoa eta beharrezkoa dela aldarrikatuko dut.
Bakarrizketa berria Urretxu-Zumarragara ekarri behar al duzu?
Oker ez banaiz, otsailean antzeztuko dut. Gogo handia dut herrian lan egiteko.
Nori erakusten dizkiozu bakarrizketak estreinatu aurretik?
Txisteak konfiantzazko jendearekin kontrastatzen saiatzen naiz. Aitziber Garmendiaren atea beti jotzen dut. Beti gaude elkarri laguntzeko prest. Izan ere, biok umorearen inguruko antzeko ikuspegia dugu.