
UZ Bizi! plataformak herri batzarra egingo du ostegunean, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Alderdiei Plastic Energy enpresak Arcelorren ireki nahi duen lantegiaren inguruko iritzia eskatu zieten eta osteguneko bileran iritzi horien balorazioa egingo dute.
Horra hor UZ Bizi! plataformak igorri duen oharra.
“Plastikoa errausteko Plastic Energy egitasmoaren aurrean hedabideen bidez eta informazio bilera baten bidez herritarrak informatu ondoren, alderdi politiko guztiei euren posizionamendua eskatu genien publikoki. Zumarragarentzat eta inguru osoarentzat hain garrantzitsua den erabaki baten aurrean, inposatu zaigun proiektuarekiko posizionamendua argitzeko eskatu diegu talde politiko guztiei. Herritarrok eskubidea dugulako jakiteko zer iritzi duten gure ordezkari politikoek hain gai delikatuaren inguruan.
Azken egunotan irakurri eta entzun ditugu posizionamendu desberdinak eta testuingurua berriz baloratzeko unea da. Gainera Plastic Energy-ren errauskailuaren egitasmoa errazten duen Plan Bereziaren inguruko informazioa ere badugu eskura.
Maiatzaren 3an herritar asko hurbildu zen bilerara eta argi geratu zen ezin garela besoak gurutzatuta geratu, eta mobilizatu egin behar dugu, proiektuari buruzko informazio zehatza eskatzeko. Herritarrek parte har dezaten horrelako eragina duen proiektu baten erabakian eta proiektua geldiarazteko, gure bizilagunen osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen ondorioak argitu arte.
Beraz, maiatzaren 18an, 19:00etan, Zumarragako kultur etxean egingo dugun bilerara deitzen ditugu herritarrak UZ Bizi Plataforma gisa gorpuztu eta datozen egunetarako ekintzak gauzatzen laguntzeko”.