Maddalen Iriartek eta Aritz Elgarrestak Osakidetzaren "gainbehera" salatu dute Zumarragako anbulatorioan
Maddalen Iriarte ahaldungaiak eta Aritz Elgarresta Zumarragako alkategaiak Osakidetzak bizi duen egoeraren inguruko adierazpenak egin dituzte, gaur goizean, Zumarragako anbulatorioaren kanpoaldean. Ekitaldian Jon Altolagirre Urretxuko alkategaiak, Edurne Gonzalez Legazpiko alkategaiak eta Rebeka Ubera legebiltzarkideak ere parte hartu dute.
Maddalen Iriartek osasun publikoaren aldeko lidergoa hartzeko konpromisoa hartu du. “Herrietan egunero ikusten dugu Osakidetzarekiko apustu falta: anbulategiak zerbitzuz hustu eta ondoren ixtea da ikusten dugun egoera larrienetarikoa. Ez da hutsetik sortutako egoera, azken hamarkadan hartutako erabakien ondorio baizik, politika pribatizatzaileen ondorioa da. Osasun sistema pribatua gero eta handiagoa bilakatu da azken urteetan, eta osasun sistema publikoa desegiten ari da”.
Osasun sistema publiko indartsu bat bermatu beharra dagoela gehitu du. “Herritarrei kalitatezko arreta eskainiko diena eta langileen lan baldintzak eta egonkortasuna bermatuko dituena. Osasun sistemaren etorkizuna langile eta erabiltzaileak kontuan hartuz garatu behar da, beraiekin batera, eta beraientzako. Osasun publikoko sistema indartsu bat herri osasuntsu baten bermea da”.
Herri honetako osasun sistema publikoa gainbeheran dagoela esan du. “Botilak zuloak ditu eta ura galtzen du etengabe: lehen arretaren gainbehera, aurrez aurreko arreta murriztea, itxaron zerrendak, pediatra falta, langileen prekarizazioa, azpikontratatzeak… Gertuko eta kalitatezko osasun zerbitzu publikoak behar ditugu”.
Osasun publikoa defendatzeko konpromisoa hartu du. “Hurrengo ahaldun nagusi moduan, nire konpromisoa berresten dut: osasun publikoaren aldeko lidergoa hartu eta herrialdeko alderdi politiko eta eragile sozialekin batera Osasun sailari osasun publikoa indartzeko neurriak hartu ditzala exijituko diot”.
Aritz Elgarrestak, Goierri garaiko EH Bilduren izenean, osasun komunitarioko estrategia martxan jartzea proposatu du. “Dena dela ere, gure herriotan badugu itxaropenerako arrazoirik. Denon osasun publikoa defendatzeko helburuarekin jaio zen PAC 24/7 plataformak bi urte daramatza, atsedenik gabe, duintasun oihu bat zabaltzen. Gehiengo zabal eta zeharkako bat mobilizatzen asmatu du eta bere ekimenez makina bat konzentrazio, manifestaldi eta Gasteizko parlamentuan amaitu zuen sinadura bilketa bat aurrera eraman dituzte. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak entzungor egin die plataformaren eta herritarren aldarrikapenei”.
EH Bilduk ere hainbat ekimen atera ditu aurrera. “2020 uztaila eta abuztuan, EAGren itxieraren inguruko azalpenak eskatu ziren Gasteizko parlamentuan. Erantzunik gabe geratu ziren.
Urte bereko irailean, EH Bilduk legez besteko proposamen bat luzatu zuen, pandemia aurreko irekiera eskatuz, besteak beste, Zumarragako arreta gunean. EAJ eta PSE-EEren botuekin atzera bota zen proposamena. 2021eko otsailean, PAC 24/7 plataformak, EH Bilduren ekimenez, parlamentuko osasun batzordean beraien eskaerak azaltzeko aukera izan zuen”.
Borroka horrekin jarraitzeaz gain, Goierri garaiko EH Bilduk osasun komunitarioko estrategia martxan jartzea proposatu du. “Geltoki zaharrean Osasun Etxea proiektua eratuko dugu osasun publiko eta komunitarioaren aldeko eragileekin. Osasuna lortzeko planifikazioan, kudeaketan eta ekintzen antolakuntzan herritarren parte hartzea bermatua izan dadin. Osasuna ez dagoelako salgai, Osakidetza defenda dezagun!”, amaitu zuen Elgarrestak.