Helburua haurrek euskaraz ondo pasatzea da
Gainzuri ikastetxeak aisialdi taldea sortu du ikasleen artean euskararen erabilera bultzatzeko eta ekimenak arrakasta izan du. Orain arte egindako saioetan Lehen Hezkuntzako 120 haurrek parte hartu dute, Oier Fernandez ikasle ohiaren gidaritzapean.
Gainzuriko guraso elkarteak eta irakasleek Euskara batzordea dute. Ikasle batzuk euskara ikastetxean bakarrik jasotzen dutela ikusita, zerbait egitea erabaki zuten. Fernandezek sormenari buruzko eskolaz kanpoko tailerra ematen du eta berarekin harremanetan jarri ziren, begirale titulua baitu. Fernandezek proiektua diseinatu zuen eta Batxilergoko ikasle ohiei begirale lana egiteko aukera eskaini zieten. 20 bat ikasle ohik eman zuten izena.
Ikasturte honetan hiru saio egin dituzte: martxoan, maiatzean eta ekainean. Lehen Hezkuntzako 120 haur inguruk jolas ezberdinetan parte hartu dute, larunbat arratsaldetan, ikastetxean eta herriko parke ezberdinetan. Haurrek euskaraz ondo pasatzea eta euskararekin lotutako bizipen positiboak izatea da helburua. Baita beraien erreferenteak (kasu honetan ikasle ohiak) euskaldunak izatea ere. Guraso elkarteak eta irakasleek balorazio positiboa egin dute eta datorren urtean saio gehiago antolatuko dituzte.