
UZ Bizi! herri plataformak bere kezka adierazi du, Jose Ignacio Asensio (PSE-EE) buru duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuak 4 milioi euro emango dizkiolako Plastic Energy multinazioanalak Zumarragako Legazpi kaleko 10. zenbakian kokatu duen Euskadi Advanced Recycling SL filialari.
Plataformak uste du multinazioanalak filial hori eratu duela Gipuzkoako diru-laguntza hori jaso ahal izateko ezinbestekoa zuelako. Horrekin batera salatu du “dirutza” hori ematea erabaki duela aldundiak, enpresak berak emandako dokumentazioa oinarri hartuta, gabezia asko identifikatu dituzten arren. UZ Bizi! aldundiak identifikatutako gabezien berri eman du:
-Plastic Energy bakarrik aurkeztu da 11 milioi euroko partida batera eta, hala ere, 4 milioi euro bakarrik eman dizkiote aurkezturiko dokumentazioaren zehazgabetasuna medio.
-Bertan esaten da, zenbait akats juridiko administratibo eta tekniko zituela proiektuak eta legeak eskatutako hainbat baldintza ezin zirela egiaztatu.
-Behin dokumentazioa behar bezala aurkezteko bigarren aukera bat eman ostean, ondorengo ondorioak agertzen dira Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko txostenean: ez da zehazten plastikoa nondik aterako duten, ezta zein plastiko mota ere; ez da zehazten zer egingo duten sorturiko pirolisi-oliarekin; kronograma eta aurrekontua ez daude oso zehaztuta; ez da agertzen beraien produktua erosteko konpromisorik duen enpresarik; 20 milioiko laguntza funtsak espero dituzte Jaurlaritzatik proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, momentuz milioi bat bakarrik eman dietela justifikatuz; ez da aurreikusten lurzatian egin beharreko lanen denbora, ez deskontaminazioa, ezta noiz hasiko diren ere (horrek arrisku finantzarioak dakartza proiektuarentzat eta pirolisi olioaren merkataritza irteeraren (Tacoil) analisirik ezak eta sektore petrokimikoko enpresaren baten konpromisorik ezak arrisku ekonomiko eta finantziarioa dakar.
Horrenbestez, UZ Bizi!-ren ustez Plastic Energy-ren proiektua mehatxu bat da “ez soilik ingurumen eta herritarren osasunean eragin dezakeen kalteagatik, baita ekonomikoki suposa dezakeen galeragatik ere”. Izan ere, datu guztien arabera, “ez dago bere bideragarritasuna bermatuta eta diru publikoa etengabe injektatu beharko zaiola aurreikusten du enpresak ere. Hau da, enpresaren asmoa da herritarrek beraiek finantzatzea beraien osasuna arriskuan jarriko duen erraustegia. Onartezina da. Lanean segiko dugu proiektua erabat gelditu arte”.