
Antioko atea Zumarragako ate ezagunena da, baina ez da beti hor egon. Urretxuko Etxezuri jauregiko atea zen, 1867an Antiora eraman zuten arte. Egoera txarrean zegoen burdinezko ate zaharra ordezkatu zuen.
Etxezuri jauregiari dagokionez, XVI. mendean eraiki zuten. Egun Gernikako Arbola plaza dagoen tokian zegoen: gaztelekua egon zen toki berean. Jauregia Hurtado de Mendoza familiarena zen. 1865ean, Mazarredo jaunak, Hurtado de Mendozatarren oinordekoak, jauregia Alberdi anaietan zaharrenari saldu zion.
Alberdi anaiak Amerikara joan ziren eta bertan aberastu egin ziren. Itzuli zirenean, hainbat lursail erosi zituzten Urretxun eta Zumarragan. Urte haietan, Zumarragako Udala, plaza eta plazako arkuak eraiki ziren. Udalak arkuen gainean eraikitzeko eskumena saldu zuen eta Alberdi gazteak udaletxearen eskuinaldeko arkuak erosi zituen eta Alberdi nagusiak ezkerraldeko arkuak. Gazteak Itarte etxea eraiki zuen eta nagusiak Uzkanga etxea (egun, batzokia dena).
Garai hartan etxeak harriekin eraikitzen ziren eta askotan botatako etxeetako materiala erabiltzen zuten etxe berriak eraikitzeko. Hala, Alberdi nagusiak Etxezuri erosi zuen eta jauregi horretako harriekin Uzkanga eraiki zuen. Eta Etxezuriko atea Antiora bidali zuen.
Iturria: Angel Cruz Jaca Legorbururen Ensayo de una historia de Urretxu liburua.

Urretxu, XIX. mendean. Atzealdean, ezkerretara, Etxezuri ageri da.

Urretxuko Gernikako Arbola plaza XX. mende hasieran.