![](https://www.otamotz.eus/site/files/2023/07/goierri-1200x802-1.jpg)
Urretxuko Egumendi, Eima Eskailerak eta Premank Kanpoko Prebentzio Zerbitzuak enpresek Hazinnova ziurtagiria jaso dute gaur goizean, Azpeitian. Ziurtagiri horrek enpresetan berrikuntza proiektua arrakastaz ezarri izana aitortzen diete. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak, SPRI erakundeak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak banatzen dituzte ziurtagiri horiek.
Gaurko ekitaldian Goierriko, Urola bailarako eta Debagoieneko beste 34 enpresak ere jaso dute ziurtagiria. Urretxukoez gain, Goierriko beste zazpi enpresek jaso dute ziurtagiria: Beasaingo Montte eta Pulydec Brugos; Idiazabalgo Aitzgorri Galdarategi Mekanizatua, Ekoerein MG eta Mekatek Mekanizatuak; Olaberriko Aldanondo Gaztak; eta Zaldibiako Euskaber. Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalen partaidetza duen Oñatiko Zubillaga Hiltegiak ere jaso du enpresa berritzailearen ziurtagiria.
Hazinnova aitortza jaso berri duten enpresek merkatuan duten kokapena hobetzeko berrikuntza ez teknologikoko mikro-proiektuak ezarri dituzte haien antolaketetan. Produktuetan zein negozio prozesuetan, fabrikazioan, logistikan, merkaturatzean, administrazioan edo finantzetan egin dituzte berrikuntzak.
Mikro-proiektuen ezarpen prozesuan hainbat erakunde izan dituzte ondoan. Goierrikoen kasuan , Goieki eta Uggasa garapen agentziak izan dituzte bidelagun. Makina-erreminta Fabrikatzaileen Elkartea (AFM), Basque Food Cluster, Debagoieneko Mankomunitatea, Arrantza Ekintza Taldea (GALP), Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza agentzia, Mendinet Landa Garapenerako Elkartea, Siderex Euskadiko Siderurgia Klusterra, eta Urola Kostako Mankomunitatea izan dira gainerako babesleak.
Hazinnovaren 2022ko deialdian 321 enpresa txikik eta ertainek jaso dute berrikuntzaren euskal ekosisteman sartzeko egindako ahalegina aitortzen duen ziurtagiria. Programak 2.760.000 euroko aurrekontua izan du.
Iazkoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, SPRIk eta Innobasquek bultzatutako egitasmoaren hirugarren edizioa izan zen. Orain arte, 650 enpresek lortu dute akreditazioa.
Orain, zabalik dago Hazinnova 2023 deialdia, eta interesa duten enpresa berriek urriaren 26ra arte eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Programak 2,7 milioi euroko aurrekontua du esleituta urte honetarako.