
Xabier Zaldua zumarragarrak lehen mailako euskal pentatloi sariko kanporaketa jokatuko du larunbat honetan, 18:00etan, Azpeitiko zezen plazan. Berarekin batera, Andoni Iruretagoiena ‘Izeta’, Ioritz Gisasola, Jon Gisasola, Aritz Irazabal, Benat Amade, Julen Kañamares, Aratz Mugertza, Jagoba Otaegi, Xabat Olaizola, Mikel Agirre eta Gorka Etxeberria arituko dira. Sei onenak hilaren 23an toki berean jokatuko den finalera sailkatuko dira.
Zaldua itxaropentsu ageri da. “Finalera ez sailkatzea porrota izango litzateke. Hori bai, faborito nagusia ‘Izeta’ da. Gainontzekook baino koxka bat gorago dago. Nire burua goian ikusten du, baina ez irabazteko moduan”.