Gaur egunera arte, "guztira 2 milioi 400 mila euro inbertitu" dituzte azokan, Next Generation funtsetatik lortutako milioi bat euroko diru laguntzak batuta. Merkataritza eta turismoa sustatzea dute helburu lanekin.

Zumarragako Azokako gune berrituaren inaugurazioa egin dute gaur goizean, azokan bertan, gaur, larunbata, azoka eguna dela aprobetxatuta. Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak proiektuaren nondik-norakoak azaldu dituzte.
1865ean jarri zen martxan Zumarragako Azoka. Ostegunetan, 15 egunetik behin egiten zen garai hartan, eta 1954. urtean inauguratu zen gaur egungo arkupeetako eremua. Harrezkero, larunbatero egiten da azoka herrian. Alkateak azaldu duenez, 2015-2019ko legealdian jarri zuten martxan azoka dinamizatzeko proiektua, eta ordutik hainbat lan egin dituzte “azokari bultzada” emateko eta “lehen sektorea duintzeko”. Gaur egunera arte, “guztira 2 milioi 400 mila euro inbertitu” dituzte azokan, Next Generation funtsetatik lortutako milioi bat euroko diru laguntzak batuta. Plaza zaharberritzeaz gain, Soraluze kalea oinezkoentzat egin da eta plaza eta Jai Alai kalea lotzen dituzten eskailerak berritu dira.
Turismoan jarri du azpimarra alkateak gaurko aurkezpenean, merkataritzaz gain turismoa indartzeko ekimenak izan direlako. Antioko ermitarekin batera, alkatearen esanetan, “Zumarragako Azoka baita herriko turismo estrategiaren ardatza”.
Hurtado sailburuak “arriskuak hartzearen eta epe luzerako proiektuak babestearen garrantzia” azpimarratu du, eta gehitu du “Zumarragako merkatua komunitatearen identitate aberats eta anitzaren sinbolo bihurtu” dela. “Hainbat eskualdetako langileen harrera eta Euskadiko aniztasuna islatzen ditu. Proiektu honek, halaber, Euskadik etorkizun ingurumeneko eta digital jasangarrirako trantsizioarekin duen konpromisoa islatzen du, haren historia aberatsean oinarrituta”.