PSE-EEk alde bozkatu du, EH Bilduk aurka eta EAJk abstentzioa eman du
Zumarragako Udalak zergak %5 eta tasak %3 igotzea onartu du. PSE-EEk alde bozkatu du, EH Bilduk aurka eta EAJk abstentzioa eman du.
Igoera astearte arratsaldeko osoko bilkuran onartu zen. Jose Mari Bermejo Ogasun zinegotziak gobernu taldearen proposamenaren nondik norakoak azaldu zituen. «Azken hiru urteetan KPIa %6 baino gehiago igo da eta 2015etik %16,40 igo da. Guk ordea, tasak %2,5 bakarrik igo ditugu urte horietan. Urte bukaerarako KPIa %5 baino gehiago igoko dela uste da, gainera. Hala, tasak %3 igotzea proposatu dugu. Zaborrena %5,6 igoko da, Sasieta mankomunitateak proposatu bezala. Zergei dagokionez, presio fiskal baxua dugu. Hori dela eta, %5eko igoera proposatu dugu. Proposamen neurtua da eta helburua zerbitzuak hobetzea da».
EAJko Josu Idigorasek zerbitzuen jasangarritasuna bermatu beharra dagoela gogoratu zuen. Aurki alderdiak itun fiskala negoziatzen hasiko direla eta itunak progresibitatea jaso beharko lukeela gehitu zuen. «Askotan salbuespenak eta hobariak ez dira eskatzen informazio faltagatik edo ezezagutzagatik. Diru sarrerak bermatzeaz gain, dirua ondo kudeatu behar da. Guk konfiantzako botoa emango dugu».
EH Bilduk %1,9ko igoera proposatu du. Aritz Elgarresta bozeramaleak gainontzeko alderdiei egindako proposamenaren berri eman zuen. «Gure fiskalitate proposamenaren ardatzak, proposamen fiskal justu eta progresibo baten bidez udal aberastasunaren banaketa eta etxebizitzarako eskubidea eta gazteen emantzipazioa bermatzea dira. Udalaren ardura diren zerbitzuetan tasa sistema progresiboa jartzea da gure helburua, horretarako hobari sistema berritzaile bat diseinatuz. Sistema asistentzialista batetik eskubide sozialetan oinarritutako sistema batera pasatzea da gure helmuga».
Iaz Zumarragako Udalak tasak eta zergak izoztu zituela eta EH Bilduk %1,5eko igoera proposatu zuela gogoratu zuen. «Inork ezin gaitu populistatzat hartu, errazena izozketa babestea baitzen, are gehiago hauteskunde bezperan. Baina igoerarik ematen ez bada, aurreikustekoa da igoera esanguratsu bat egin behar izatea momenturen batean. Eta hori gertatu da aurten hemen».
Diru sarrerak ezinbestekoak direla, baina udal gobernuak proposatutako igoera ez dela progresiboa eta sozialki justua gehitu zuen. «Talde sozialistak gure proposamen guztiei ezezko borobila eman die. Baina gure proposamena egingarria da. Usurbilen ezarrita dago. Errenterian ezarrita dago eta Ordizian ere orain dela gutxi hobari sistema bat onartu dute. EAJren babesarekin».
EH Bilduk 15.709 euro azpiko errenta dutenek (Zumarragako emakumeen batez besteko errenta) kiroldegian, ikastaroetan eta udalekuetan 100%eko hobaria izatea eta 21.193 euro azpiko errenta dutenek (batez besteko errenta) %50ekoa izatea proposatu du. «Gaitasun ekonomiko eza eta errekurtso falta ezin dira udal zerbitzuetarako sarbidea izateko oztopo izan».
Hondakinen tasari dagokionez, gehien sortzen duenak gehiago ordaintzea eta gutxien sortzen dutenek eta gehien birziklatzen dutenek hobariak izatea defendatu zuen.
Rosa Maiza PSE-EEko bozeramaleak iazko izozteak ez zuela hauteskundeekin zerikusirik izan esan zuen. «2015etik 2019ra ez genituen zergak igo, 2020an %0,5, 2021ean ez genituen igo, 2022an %2 eta iaz ez genituen igo. Egoerari erantzuten saiatu gara beti: Arcelorren itxira, pandemia, Ukrainako gerra… Zortzi urtetan %2,5 bakarrik igo baditugu, herriko familiez kezkatzen garelako da. Egoera ekonomikoa normalizatu egin dela dirudi eta horregatik erabaki dugu zergak eta tasak igotzea».
Higiezinen zergan eta autoei dagokienean hobariak daudela gehitu zuen, baina hobarien berri emateko ahalegin handiagoa egin behar dela onartu zuen. Progresibitatea lortzeko lan tekniko handia egin beharko litzatekeela aipatu zuen.
Mikel Serrano alkateak EH Bildukoei proposamenak egin aurretik informazioa kontrastatzeko eskatu zien. «Zumarragan ez dago diru arazoak dituelako kiroldegitik kanpo gelditu den familiarik. Familia bakoitzaren egoera aztertzen da eta kiroldegia erabiltzea, ikastaroetan parte hartzea… errazten zaie. Familien beharrak asetzen ditugu. Eta progresibitatea ahal dugun esparruetan lantzen dugu: higiezinen gaineko zergan, ibilgailuen zergan… EH Bilduk Gipuzkoako 51 udalerritan gobernatzen du eta Errenteria, Usurbil eta Ordizia bakarrik aipatu dituzu. Zergatik ez du gainontzeko 48etan ere eredu hori ezartzen? EH Bilduk agintzen duen hainbat udalerritan guk proposatu dugun igoeraren antzekoa onartu dute. Bestalde, Zumarragako Udalaren egoera ekonomikoa txarra dela esan ohi duzue, baina %1,9ko igoera proposatu duzue. Egoera ez da horren txarra, nonbait».
Elgarrestak 2015etik 2020ra KPIa ez zela igo gogoratu zuen. «Beste herri batzuetan garai hartan zergak eta tasak zenbat igo ziren jakin nahiko nuke…».
Progresitibatatean sakontzea posible dela errepikatu zuen. «Ez dago bi urte itxaron beharrik. Berehala hasi gaitezke, ez baitago zuritik beltzera pasa beharrik. Herritar guztiak zerbitzuetara sarbidea izatea bermatu nahi dugu. Orain justifikatu beharra dute. Gure esparruan ahal dugun guztia egin beharra dugu. Bestalde, ez dugu sekula esan udalaren egoera ekonomikoa katastrofikoa denik, baina gure soberakina 360.000 eurokoa da eta aktibitate ekonomikoen gaineko zergatik diru gutxi jasotzen dugu. Soberakina erabili dugulako eta hiru milioiko kreditua eskatu dugulako gaude martxan. Giharra bagenu, ez genuke krediturik eskatuko. Gure proposamenak zergatik ez dituzuen onartu jakin nahiko genuke. Ea datorren urtean denok ados agertzen garen».
Maizak 2015etik 2020ra KPIa %3,2 igo zela eta udalak zergak eta tasak %0,5 igo zituela erantzun zion. Udalaren egoera ekonomikoari buruz ere hitz egin zuen. «Hainbat aldiz egoera kezkagarria dela esan duzue, baina hala balitz ez ligukete krediturik emango. Bestalde, soberakina txikia dela esan duzue. Udal batek hiru, lau edo bost milioiko soberakina badu, zerbait gaizki egin duelako da».