Urola Kirol Elkartean entrenatzaile mitikorik bada, hori Delfin Moreno Delfos da. 40 urte baino gehiago daramatza klubaren alde lanean eta denek maitatua da. Hala, azken 50 urte hauetan Urolan egindako lagunek (zuzendaritzako kide, jokalari, entrenatzaile, delegatu…) omenaldia egin zioten. Luntxa eta bazkaria egin zuten eta ondoren opariak egin zizkioten: elkartutako guztiek sinatutako Urolaren kamiseta, makila, txapela eta Antioko litografia.
Morenok 40 urte baino gehiago daramatza Urolan. “Jokalaria izan nintzen, klubaren lehen denboraldian. Ondoren, sei urte eman nituen klubetik kanpo. Itzuli nintzenean, gazte mailako taldeak entrenatu nituen. Maila guztietako taldeak entrenatu ditut. Lehen taldea bi arotan entrenatu dut. Lehenengoan hiru denboraldi egin nituen eta bigarrenean bi. Harrobiko arduraduna ere izan nintzen. Egun semeari laguntzen diot. Semeak haur mailako talde bat entrenatzen du, Ohorezko Mailakoa”.
Bizitza erdia baino gehiago darama Urolan: 1951n jaio zen eta 43 bat urte daramatza klubean. “Urolan oso ondo pasa dut. Lagun asko egin ditut, herrian eta herritik kanpo. Nik entrenatutako mutikoak orain gizonduta ikustea oso pozgarria da. Mikel Balentziaga eta Dani Garcia entrenatu nituen, besteak beste. Juan Mari Mujika ez nuen entrenatu, baina lehen taldea entrenatu zuenean, ni bere laguntzailea izan nintzen”. Larunbateko omenaldiak ilusio handia egin dio. “Oso gustura egon nintzen”.
Horra hor Morenok Urolan emandako lehen urteetan entrenatu zituen bi talderen argazkiak.