Bidezar tabernak pintxo onenari dagokion saria irabazi du eta Hirukiak originalenari dagokiona

Ostiralean eta larunbatean odolkiarekin egindako pintxoen lehiaketa egin dute Zumarragan. Pintxo onenari saria Bidezar tabernak irabazi du eta originalenari dagokiona Hirukia tabernak.

Bidezar tabernako pintxoa.
Bidezarreko pintxoaren izena Garaiko landareak da. Pintxo bakoitza landare bat da. Lorontziaren azpialdean urdai frijitu zatitxoak jarri dituzte (harriak balira bezala) eta gainean errezil sagar krema pikillo piperrarekin (ongarria) eta odolkia trufarekin (lurra). Horren guztiaren gainean, landarea jarri dute. Pintxo bakoitzak landare bat du: brokolia, zerba, espinaka… Gainera, bezero bakoitzari pipeta bat eman diote landarea foie eta babarrun infusioarekin ureztatzeko. David Revuelta sukaldariak oso asteburu ona izan dela esan du. “Astakeria izan da. 800 pintxo inguru saldu ditugu, iaz baino askoz ere gehiago. Oso pozik gaude”.

Hirukia tabernako pintxoa.
Hirukiako pintxoaren izena Gozoa eta gazia, ezer ez da dirudiena da. Brownie bat egin dute. Kakao beltza, odolkia, fruitu lehorrak, krema, oliba olio eta pipermin bolatxoak, tomate marmelada eta konpotarekin egin dute. Txoni Sastre sukaldariak oso asteburu ona izan dela dio. “Pintxo asko saldu ditugu. 700 bat. Jendearen ohiturak aldatu egin dira. Lehen larunbat arratsaldean saltzen genuen gehien, baina azken bi urteetan ostiral arratsaldean gehiago saldu dugu”.
Pintxoak dastatu dituztenek afari baten zozketan parte hartu dute eta saritua Javier Azpiazu izan da.