Pandemia garaian musikariak elkarrizketatzeari ekin zioten. Hasieran bideoak egiten zituzten eta egun irratsaio formatua du. Saioak ‘A Tres Bandas’ du izena.
Iñaki Beruetek eta Aitor Carrascok musika zinez maite dute. Hainbat taldetan jo dute elkarrekin. Egun, Hiri Galduak taldean jotzen dute. Jotzearekin nahikoa ez eta musikari buruzko podcast bat martxan jarri zuten pandemia garaian: A tres bandas. Bertan, beste musikari batzuei eta musika arloko gainontzeko profesionalei elkarrizketak egiten dizkiete. 150. saiora heldu dira. Saio hori, eta gainontzeko guztiak, Spotify eta Ivoox plataformetan entzungai dira.
Pandemia garaian jarri zuten martxan egitasmoa. «Ez aspertzeko jarri genuen martxan egitasmo hau. Egunero, abesti bat komentatzen genuen. Gutxira, saioa sortu genuen: gure gauzak kontatzen genituen eta Youtubera bideo batzuk igotzen genituen elkarrizketatuekin. Elkarrizketa horiek hiru taldeei buruz ziren: bakoitzak gustuko zituen hiru taldeei buruz hitz egiten zuen. Hiru ginelako, gu biok eta elkarrizketatua, jarri genion A tres bandas izena», azaldu du Beruetek.
Lehen saioetan herriko jendeak parte hartu zuen, baina ondoren kanpoko jendea gonbidatzen hasi ziren. «Musikariei eta musikaren negozioan lan egiten zutenei idazten hasi ginen: Lander Belako taldeko bateria-jotzailea, Candido Viva Belgrado taldeko abeslaria…».
Irudirik gabe
Pandemiaren ondoren, kamera oso gustuko ez zutenez, irrati saioa egitea erabaki zuten. «Iñakik mahai birtual bat du eta horrekin egiten dugu. Google Meet aplikazioaren bidez jende ezberdinari idazten hasi ginen. Musikarekin erlazioa duen jendea elkarrizketatzen dugu: taldeak, diskoetxeetako jendea, jaialdi antolatzaileak, kazetariak, argazkilariak… Podcast formatura pasa ginen eta elkarrizketak Ivoox eta Spotifyra igotzen ditugu. Saioa irudirik gabe egitea erosoagoa da, bai elkarrizketatuentzat eta bai guretzat», gehitu du Carrascok.
Astero saio bat egiten saiatzen dira. 150. saioa berezia izan da. «KKinzona irratian egin dugu eta programatik pasa diren lagunak gonbidatu ditugu: Ibon Dominguez, Txarli… Baita DJ Sagardo (Maite Aguado) eta Gorka Santesteban ere. Dominguez hasierako bat izan zen, Youtubeko kanalean atera genuen hogei horietako bat. Ez genuen espero pandemiari aurre egiteko sortutakoa 150. saiora iristea. Hori dela eta, ospatzea erabaki dugu. Saioa terapia modukoa da guretzat. Astero norbaitekin gelditzen eta berarekin musikari buruz hitz egiten saiatzen gara».
Saioa ezaguna egin da eta musikariek elkarrizketatuak izateko deitzen diete
Gorka Urbizu elkarrizketatu ondoren saioa utziko zutela agindu zuten
Saioarekin jarraitzeko gogoa dute. «Guretzat ez da beharrezkoa hau egitea. Gustuko dugulako egiten dugu, presiorik gabe, guk nahi ditugun gonbidatuekin. Ahal bada, astean behin egiten dugu. Bestela, bi astean behin. Aste batzuetan bi programa grabatzen ditugu».
Carrascok saioari esker jende asko ezagutu dutela azpimarratu du. «Mundu osoko jendea ezagutu dugu, lagun onak egin ditugu, Madrilen eta Bartzelonan podcastak egiten dituen jendea ezagutu dugu, azkenaldian Euskal Herritik eta Espainiatik kanpoko jendea elkarrizketatu dugu… Argentina eta Portugaleko taldeak elkarrizketatu ditugu eta Txileko talde bat ere elkarrizketatu nahi dugu».
Saio ezaguna musika zaleen artean
Saioa musika zaleen artean ezaguna egin da. «Lehen beti gu ginen musika taldeei saioan parte hartzeko idazten genienak. Gaur egun, ordea, batzuetan taldeek guri idazten digute saioan parte hartu nahi dutela esanez. Taldearen musika gustukoa iruditzen bazaigu, baiezkoa ematen diegu. Gurekin harremanetan jarri zen lehen taldea Zarauzko Sofa izan zen eta oso gustura egon ginen beraiekin. Orain beraien abesti batekin hasten dugu saioa. Oso gustura gaude jendearen erantzunarekin. Batzuk proposamenak egiten hasi dira dagoeneko. Oraindik entzuten ez gaituztenei, entzun gaitzatela eskatu nahi diegu», diote Carrascok eta Beruetek.
150 saioren ondoren, programatik pasa direnen zerrenda oso luzea da. «Merina Gris, Belako, Vulk, Willis Drummond, Vetusta Morla, Last Tour enpresako zuzendari exekutiboa, herriko Brumadensa taldea, Legazpiko Anker, Ayuken MP agentziako Marcos Garcia, Esanezin, NASAn lan egiten duen Eneko Axpe raperoa…».
Denbora honetan guztian denetik egin dute. «Musikaren arlo eta estilo guztiak lantzen ditugu. Gorka Urbizuri dezentetan idatzi diogu, baina oraindik ez digu erantzun. Bera elkarrizketatu ondoren saioa utziko genuela esan genuen, baina oraindik ez dugu lortu».