Abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean Luis Mari Perez Pitxin omenduko dute Urretxun. Urteko azken eguneko omenaldia 17:00etan izango da, Goierri elkartearen azpiko plazan. Perez Goierri elkarteko zuzendaritzako kidea zen eta omenaldia elkarteak antolatu du. Urtarrilaren 1eko ekitaldia, berriz, Irimoko gurutzean izango da. Urretxuarrek eta zumarragarrek Irimon ematen diote ongi etorria urte berriari eta Perezek ekitaldiaren antolaketan laguntzen zuen urtero.
Perez abenduaren 8an hil zen. Herriaren alde egindako lanagatik, baina batez ere bere jatortasunagatik ezaguna. Lanbidez anbulantzia gidaria izan zen eta iazko udaberrian hartu zuen erretiroa. Gaitzen bat zutenen gidari kuttuna zen eta Nagore eta Asier seme-alabek bere bidea jarraitu dute: biek anbulantzietan lan egiten dute, larrialdietan.
Herrigintzan, Goierri kirol elkartean eta San Martin eguneko festan lan egin zuen, besteak beste. Horretaz gain, Txirrindulari Federazioarentzat gidari lanak egin zituen.