Peter Chiopsa Malawin jaio zen eta 2020an Euskal Herrira etorri zen. Apaiz lagunkidea da Ezkion, Legazpin, Urretxun eta Zumarragan. Futbola gustuko du eta Urolako beterano batzuekin jokatzen du.
Peter Chiopsa Malawiko Zomba hirian jaio zen. Apaiz ikasketak egin zituen eta duela lau urte Goierrira etorri zen. Primeran moldatu da bertan: futbol talde batean jokatzen du eta euskara ikasten ari da Mari Carmen Viedmarekin.
Chiopsa 1992ko irailaren 19an jaio zen, Malawin. “Malawi Afrika hegoaldean dago. Iparraldean Tanzania dugu eta hegoaldean Hegoafrika. Alboetan, Mozambike eta Zambia ditugu. Ingeles kolonia izan zen eta nire jaioterria, Zomba, koloniako hiriburua izan zen”.
Oinarrizko ikasketak egin ondoren, seminariora joan zen. Filosofia eta Teologia ikasi zituen eta 2019an apaiz ordenatu zen. “Nire familia oso erlijiosoa da. Nire aitona-amonak oso erlijiosoak ziren. Ama ere bada. Aita 1996an hil zen”.
Hala ere, ez zuen apaiz izateko asmo argirik. “Aitona izan zen seminariora joatera bultzatu ninduena”.
2020an etorri zen Euskal Herrira, pandemia betean. “2020ko azaroan heldu nintzen. Nire lehen destinoa Eibar izan zen. 10 hilabete eman nituen bertan. Ondoren, Itsasondora joan nintzen eta azkenik Urretxu-Zumarragara etorri nintzen. Apaiz lagunkidea naiz Urretxun, Zumarragan, Ezkion eta Legazpin, baina Urretxun lan egiten dut batez ere”.
Pandemia garaian iritsi izanak bere integrazioa zaildu zuen, baina ondo moldatu da. “Iritsi nintzenean dena itxita zegoen eta jendea ez zen ohi bezain gizartekoia. Hori dela eta, esperientzia gogorra izan zen. Gainera, covida pairatu nuen. Baina pixkanaka egoerak hobera egin zuen eta dagoeneko normaltasunez bizi gara. Jendea jatorra da eta oso gustura bizi naiz bertan”.
Euskal Herrian adin ezberdinekoen arteko hartu-emana Malawin baino estuagoa dela uste du. “Hemen errazagoa da jendearekin harremana izatea. Malawin gazteei eta adinekoei errespetua diegu”.
Erlijioa ere modu ezberdinean bizi da. “Afrikako Eliza gaztea da. Fedea hazten ari da. Jendea erlijiosoa da eta elizak bete egiten dira. Hemen alderantzizkoa gertatzen ari da”.
Bere lana aipatutako herrietan meza ematea, gaixoei bisitatzea… da. “Etorri nintzenean, ikastetxeak itxita zeudenez, online ikasi nuen gazteleraz. Euskara ere ikasten ari naiz. Mari Carmen Viedma Zumarragako apaizetxera etortzen da niri euskara eskolak ematera. Geroz eta hobeto moldatzen naiz”.
Futbolean ere ondo moldatzen da. “Futbola asko gustatzen zait. Nire bizitzaren beste alderdi bat da. Tenisean eta saskibaloian ere jokatu dut. Kirola asko gustatzen zait. Malawin, seminarioko futbol taldeko kapitaina izan nintzen. Erdilaria naiz. Lehen hegalean jokatzen nuen, baina operazio bat izan nuen eta ordutik erdian jokatzen dut. Ostegunero Urolako beterano batzuekin jokatzen dut, Argixaon. Beraiekin entrenatzen dut, baina ezin naiz partidetara joan, asteburuetan baitira. Bi partida bakarrik jokatu ditut”.
Bere talde kuttuna Eibar da. “Malawin Premier League ikusten dugu batez ere, baina Espainiako liga ere bai. Eibar taldea gustatzen zitzaidan, bere jokatzeko moduagatik eta talde umila delako. Eta hemen ezagutu nuen lehen herria Eibar izan zen! Reala ere gustatzen zait eta batzuetan Anoetara joaten naiz. Brais da nire jokalari kuttuna”.
Beste zaletasunetako bat ibiltzea da. “Bidegorrira joatea eta musika entzutea ere asko gustatzen zait. R&B musika entzuten dut”.
Euskal Herrian oso gustura dago, baina lau urterako etorri zen eta seguru aski Afrikara itzuliko da. “Nire gotzaina zazpi urterako etorri zen. Karmelita da eta Euskal Herriko apaiz batzuk ezagutzen ditu. Hala, hemengo gotzainak etortzera gonbidatu ninduen. Hau da nire azken urtea hemen. Printzipioz, beste aukeraren bat suertatzen ez bada, Malawira itzuliko naiz”.
Malawin egoera gogorra bizi dutela dio. “Malawin jende asko nekazaritzatik bizi da eta iaz uholdeak egon ziren eta aurten, berriz, lehortea pairatzen ari dira. Han lantegi gutxi daude. Gehienak nekazariak dira eta uzta txarra bada asko sufritzen dute. Urte tristeak ari dira izaten, baita niretzat ere. Izan ere, egoera gogor hori sufritzen ari direnetako batzuk nire senitartekoak dira. Zorionez, ez dugu inoiz gerrarik pairatu. Afrikan herrialde batzuk oso ondo lan egiten ari dira (Tanzania, Namibia, Botswana, Hegoafrika…), baina beste batzuetan (Kongon, Sudanen…) beti gerran daude”.