Urretxuko Udalak urteak daramatza nerabeekin lanean. 2011n Gaztebidean aisialdi zerbitzua jarri zuen martxan eta hamar urte beranduago, 2021ean, Urretxu Piztu gazte mahaia eratu zuen. Gazte mahaia Urretxuko Gazteria plana 2022-2025en oinarria izan zen, nerabeen kezkak ezagutzeko, haiei irtenbidea emateko eta zuzenean eurekin elkarlanean aritzeko. Erronka garbia zen: Udalak gazteak entzutea eta gazteek Udala ezagutzea, elkarrekin proiektu berriak sortu ahal izateko. Erronka horri erantzun nahian, lanketa sakona egin du Urretxuko Piztu Gazte Mahaiak. Atzo goizean, Urretxu-Zumarraga ikastolako 3. eta 4. DBHko ikasleak udaletxean izan ziren, Gazteria teknikariarekin eta alkatearekin, udala eta udal barruko funtzionamendua ezagutzen. Udalaren funtzionamenduaren inguruko hainbat dinamika egin zituzten, udalaren egunerokotasunaren inguruko azalpenak entzun zituzten eta galdera eta proposamen interesgarriak aurkeztu zituzten.