Urretxun bizi den Alberto Segura zumarragarraren Udereking enpresak aulkiak eta besaulkiak tapizatzen ditu mundu osoko futbol estadio, ospitale eta aretoetarako. Zenbait lan eskuz egiten dituzte.

Alberto Segura zumarragarrak Legorretako Eredu enpresan lan egiten zuen eta beraiek egiten zituzten aulkiak tapizatzea eskaini zioten. Ofizioa ikasi zuen eta duela 27 urte Udereking enpresa ireki zuen. Hasieran Legorretan lan egin zuten eta azken 25 urteetan Alegiako Errota auzoan. Mundu osoan dituzte bezeroak. Besteak beste, Ingalaterrako Premier Leaguen jokatzen duen Arsenal futbol taldearen Emirates estadioko palkoko besaulkiak tapizatu dituzte.
Arrakastaren gakoa ondo lan egitea dela dio. “Ondo lan egiten ez baduzu, ezin duzu horrenbeste denbora iraun. Eta gutxiago mundu osorako lan egin. Orain tapizatzen ari garen aulki batzuk, adibidez, Australiara bidaliko ditugu. Australiarrak, alemaniarrak… oso exijenteak dira”.
Bulegoetako, aretoetako, itxaron geletako, ospitaletako… aulkiak tapizatzen dituzte. “Larrua, larrua imitatzen duten material sintetikoak, oihal arruntak… erabiltzen ditugu. Larrua imitatzen duten material sintetiko asko erabiltzen ditugu. Larruari dagokionez, behiarena erabiltzen dugu beti. Izan ere, horrelako aulkiekin lan egiteko larru onena da.Alemaniako behien larrua erabiltzen dugu gehienbat”.
Larrua garestia da eta kontuz lan egin behar da. “Gainera, material sintetikoak eta oihalak baino gogorragoa denez, larruarekin lan egitea zailagoa da. Duela gutxi ia 500 besaulki bidali ditugu Australiara eta bizkarraldea eskuz josi dugu”.
Bezeroen artean futbol taldeak dituzte. Arsenalen, Aston Villaren eta Realaren estadioetan Udereking enpresak tapizatutako besaulkiak dituzte. Baita Kursaalen eta Espainiako Rey Juan Carlos unibertsitatean ere.
Tailerrean zortzi lagunek lan egiten dute. Segurak abenduan erretiroa hartzeko asmoa du. “27 urte hauetan makineria asko aldatu da, baina hasieran zenbait lan eskuz egiten genituen eta egun ere bai. Aulki batzuk eskuz josi behar dira derrigor. Akabera bikaina nahi baduzu, eskuz josi beharra duzu. Lankide batek eta biok zortzi urte baino gehiago eman ditugu eskuz josten. Eskuek asko sufritzen dute. Artisau gutxi gelditzen gara mundu honetan”.