Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, EH Bildu alderdiaren Gipuzkoako zerrendan seigarren postuan dago Josu Aztiria (Zumarraga, 1978). Zumarragako Udaleko zinegotzia da, 2019tik.

Ze ikasketa egin dituzu?
Humanitateak Enpresa lizentziatura, Antolamendu eta Kudeaketa Aurreratu masterra eta Ekonomia Sozialeko Erakundeen Kudeaketa masterra.
Nondik nora ibili zara lanean?
Azken 18 urte hauetan Elhuyar fundazioan lan egin dut. Adimen artifizialeko esparrua daramat. Duela bi urte Orai adimen artifizialeko zentroa sortu genuen eta horko zuzendaria naiz.
Politika zaletasuna etxetik datorkizu.
Hala da. Familia abertzale eta euskaltzale batetik nator. Oso politizatua. Aitona zinegotzia izan zen Legazpin, EAJtik. Nire aitaren osaba alkatea izan zen, oso gazte. Gerra zibilean Kubara ihes egin behar izan zuen. Nire aita, berriz, EAren sortzaileetako bat izan zen. Politika pasio handiarekin bizi izan zuen.
Nola bideratu duzu grin hori?
Txikitatik politika asko interesatu zait eta asko irakurri dut politikari buruz. Irakurtzen ditudan liburu gehienak politikari buruzkoak dira. 16 urterekin Txillardegiren Euskal Herria helburu liburua irakurri nuela gogoratzen dut. Gurasoek Durangora eraman ninduten eta han erosi nuen. Liburu hori eta Marina Garcesen Un mundo comun dira gehien gustatu zaizkidanak.
EH Bildun hasieratik zaude.
Hala da. 2012ko Euskal Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere zerrendetan joan nintzen. 2015eko udal hauteskundeetan zerrendan joan nintzen, 2019an alkategai izan nintzen eta 2023an zerrendako bigarren postuan joan nintzen.
Zergatik EH Bildu?
Herri berdinzaleago eta askeago bat egin nahi dugunon etxe zabala da. Une honetan, herri honetako motor nagusia da. Gainera, beti amestu izan dut ezkerreko abertzale eta subiranisten elkargune zabal eta sendo batekin. EH Bildu hori da. Egia esan, oso pozik eta oso harro nago lankideekin. Jende ona, interesgarria eta zoragarria topatzen ari naiz. Azken urte hauetan asko ari naiz gozatzen.
«Gure eskualdeko arazoak legebiltzarrera eramango ditut»
Ziur aski legebiltzarkide izango zara. Nola jaso zenuen proposamena?
Abendua hasieran jaso nuen proposamena, EH Bilduren zuzendaritzatik. Bi arrazoi zituzten. Batetik, profil berrien bila zebiltzan. Arlo profesionalean ibilbidea egina zutenak. Nire ibilbidea alor batzuk sendotzeko interesgarria izan zitekeela ikusi zuten. Zientziaren eta teknologiaren alorrean lan sakona egiteko. Bestetik, herri batzuetan lan ona egin dutela ikusi zuten, Zumarragan kasu. EH Bilduk sekulako gorakada izan du azken urteetan. Hor egon garen pertsonei ikusgarritasuna eman nahi ziguten.
Nola hartu zenuen proposamena?
Ez zen erabaki erraza izan. Elhuyarren oso gustura nago, adimen artifizialeko zentroan buru-belarri. Baina orain ez bada, noiz? Salto bat emateko unea da. Eta lehen hitz egin duguna: barruan dudan politikarekiko pasioa. Gainera, inguruko jendeak asko animatu ninduen. Zailena lanean kontatzea eta hori kudeatzea izan da. Jendeak oso ondo hartu du eta kalean ere jende askok animatu nau. Oso pozik nago.
Zein izango da zure ekarpena?
Digitalizazioaren, adimen artifizialaren, zientziaren, teknologiaren eta euskararen esparruetan ekarpen handia egin dezakedala uste dut. EH Bilduren programako politika digitalen atalaren erredakzioan parte hartu dut, adibidez. Baina udalgintza ere oso gertutik ezagutzen dut eta badakit herrietan eta eskualdeetan zer gertatzen den. Horko arazoak ere legebiltzarrera eramango ditut. Eta legebiltzarrean hitz egiten dena ere herrira ekarriko dut. Osasun alorreko murrizketak (Etengabeko Arreta Gunea, ospitaleko espezialista falta, osasun mentaleko zentroa, Ataunen mediku falta…) eta industria alorra (Zumarragako Arcelorren eta Legazpiko Sidenorren eremuen berrindustrializazioa) nire agendan egongo dira.
Zergatik eman behar zaio botoa EH Bilduri?
Aldaketa baten behar handia dago. Gizartean sumatzen da. Azken urteetan gure oinarrizko zerbitzuetan murrizketak egin dira. Osasuna da adibide garbiena. Kudeaketa eta gobernantza ereduari ere buelta eman behar zaio. Berrikuntza politikoaz hitz egiten ari gara. XXI. mendeko politika publiko sendoak behar dira. Eredu kolaboratiboetara joan behar da. Xede bat buruan duten gobernuak behar ditugu. Anbizio nazionala behar dugu. Hori dena aurrera eramateko, epe laburrean ditugun bi erronka nagusiei aurre egiteko (bizitzaren eta etxebizitzaren garestitzea eta osasuna), aldaketa ezinbestekoa da. EH Bildu da horretarako motorra eta aukera sendoena.
Nola ikusten duzu kanpaina?
Oso ondo. Jende dezente ari da hurbiltzen ekitaldietara. Jendea ilusionatuta dago. Gure komunitatea oso pozik dago, entxufatuta. Egia da ere kanpaina lasai samar doala. Ez dago zarata handirik eta eskertzen da. EH Bildu kanpaina propositiboa egiten saiatu da, eskua luzatuz. Elkarguneak topatzen. Ez gara probokatu nahi izan diren eztabaida batzuetara sartu. Gu, gurearekin. Pertsonalki, kanpainak legebiltzarkide izango direnak ezagutzeko aukera eman dit.
EH Bilduk irabaziko al du?
Hor gaude, parez-pare. EH Bilduk oso emaitza onak lortuko ditu. Nork irabaziko duen apirilaren 21ean ikusiko dugu. Herritarrek esango dute. Argi dagoena EH Bildu gehien igoko den alderdia izango dela da. Legebiltzarra inoiz baino abertzale eta subiranistagoa izango da. Eta parlamentu ezkertiarra izango da. Mandatu demokratikoa egongo da eta hori betetzera joango gara: subiranotasun eta politika aurrerakoi gehiago.
Pello Otxandiano lehendakari ikusten al duzu?
EAJri eta PSE-EEri zenbakiak ematen badiete, gobernua osatuko dute. Eta zenbakiek ematen ez badiete, PPren laguntza izango dute. Antzezten ari dira, baina bai ala bai gobernua osatzen saiatuko dira. Kontua EH Bildu ahalik eta indartsuena izatea da. Lehen indarra baldin bagara, eta alde handiz bada hobe. Horrek gauzak asko aldatuko ditu.
Politikari bat?
Pello Otxandiano. Sekulako tipoa iruditzen zait, errealitatea interpretatzeko eta norabidea finkatzeko duen gaitasunagatik. Bestalde, EH Bildu izan behar dena ere oso ondo enfokatzen eta diseinatzen ari da. Freskotasun handia ekarri du. Asko identifikatzen naiz berarekin. Oihana Etxebarrietak ere freskotasun handia ekarri du. Ikuspegi feminista ekarri du. Gizonezkook ikasteko eta desikasteko, horrelako pertsonak oso garrantzitsuak dira.
Beste zerbait esan nahi al duzu?
Aldaketa nahi duenak, orain du aukera. Denbora luzez itxaroten egon gara. Urte askotan lan eta borroka handia egin da eta orain da aprobetxatzeko unea.
Aita pozik egongo litzateke.
Askotan pentsatu dut horri buruz. Oso harro egongo litzateke. Nire lehengusu Xabirekin ere asko gogoratzen naiz. Bera ere oso harro egongo litzateke.