56 haur eta nerabek eta 19 profesionalek parte hartu dute prozesuan, orain arte

2023-2024 ikasturtearen hasieran hezkuntzako hainbat profesionalek kezka azaldu zuten, etorri berriei harrera egokia eskaintzeko zailtasunak dituztelako. Urretxuko Udaleko Gazteria sailak gaiari heltzea erabaki du. Harrera Protokolo bat zehaztea izan zen lehen ideia, baina lan tresna zurrunegia izan zitekeela iritzi zitzaion. Hori dela eta, parte hartzea bermatu zezan, Harrera Eremua prestatu du: hasieratik bertatik, hezkuntza komunitate osoak landuko duen lur bizi, bizigarria eta moldagarria.
Hori guztia Gizarte Zerbitzuetako Aniztasun eta Bizikidetza sailarekin koordinatzen ari da, eta prozesuak zein garapenak parte hartzea dute oinarri. Parte hartze saioak Urretxu eta Zumarragako ikastetxe guztietan egin dira. Parte hartu duten etorri berri izandakoak eta autoktonoak Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHko 4. mailara bitartekoak dira. 56 haur eta nerabek hartu dute parte. Saioak sailetako teknikariek dinamizatu dituzte.
Parte hartze saioek emandakoak txosten batean jaso dituzte eta profesionalekin eta haur eta nerabeekin ondorioak lantzen ari dira. Baita Harrera Eremuak izan beharko lituzkeen helburuak eta aurrera begirakoak ere. Joan zen asteartean profesionalen parte hartze saioa izan zen. Bertan, ikastetxeetako ordezkariak, Maialen Fidalgo Herritarren Batzordeko zinegotzia, Gizarte Zerbitzuetako koordinatzailea, Gazteria, Euskara eta Aniztasun eta Bizikidetza teknikariak, Badalab hizkuntza berrikuntza laborategiko teknikariak, Aldundiko haur, nerabeen eta gazteen zerbitzuko teknikariak eta SOS Arrazakeriako ordezkariak izan ziren. Haur eta nerabeen parte hartze saioa ere maiatzean izango da. Ondoren, Harrera Eremuaren datorren ikasturteko plana aurkeztuko dute.