Urretxuko Udalak haur eta nerabeen Harrera Eremuaren ondorioak eta aurrera begirako helburuak zehaztu ditu 56 haur eta neraberekin eta ikastetxeetako eta hainbat erakundetako profesionalekin

2023-2024 ikasturtearen hasieran ikastetxeetako profesionalek etorri berriekiko kezka adierazi zieten Urretxuko Udalari, eta Gazteria sailak heldu zion gaiari. Otsailera bitartean prozesua diseinatzen jardun ondoren, otsailetik ekainaren azkenera arte lehen bi faseak garatu ditu. Lehenean, ikastetxez ikastetxe etorri berri izandakoengandik eta euren kide diren autoktonoengandik euren sentipenak, ikuspegiak eta bizipenak jaso dituzte. Horretaz gainera, ikastetxe bakoitzean harreraz arduratzen diren profesionalekin ere elkarrizketak egin dituzte.
Bigarren fasean, ikastetxez ikastetxe berriz, 56 haur eta nerabeei lehen fasean jasotakoak itzuli dizkiete eta ondorioak eta aurrera begirako helburuak eta ekintza aukerak landu dituzte. Profesionalek ere lanketa bera egin dute, baina Gipuzkoako Foru Aldundiko Gaztematika sareko, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiko eta SOS Arrazakeriako arduradunak eta adituak batu zaizkie lanketara. Aniztasun sailarekin elkarlanean garatu ditu Gazteria sailak lehen bi faseak. Emaitzak txosten batean jaso dituzte, komunitatearekin konpartitzeko eta elkarrekin aurrera begirakoak zehazteko lagungarri izan dadin.
Prozesuak etorri berriak nola bizi diren ezagutzeko balio izan duela ondorioztatu dute. Etorri berriek babes handiagoa lortzeko eta bazterketa ekiditeko espazioak eta laguntza behar dituzte. Aldi berean, etorri berri izandakoei etorri zireneko emozioez galdetuta, urduritasuna, kezka, astindua, tristura, antsietatea, nahasmendua eta haserrea aipatu dituzte. Profesionalek horiek iraultzeko ezintasuna ikusten dute. Harrera sozialagoaren beharra, profesionalez haragokoa, ere ondorioztatu dute partaideek, komunitateko pertsonen, erakundeen eta eragileen sare lanean eta diziplinartekotasunean oinarrituko dena.
Helburuei dagokienez, epe laburrekoen artean daude harrerarako irizpideak ezartzea eta harrera adinkideen eta herrikideen artekoa izatea neurri handi batean, prozesua horren estresagarria ez izateko eta eroso eta ikasteko gogoz senti daitezen. Epe laburreko beste helburuetako bi dira harrera linguistikoa lantzea, euskaraz ikasteko baliabide gehiago eta eraginkorragoak izatea. Gauza bera garapen akademikoan ere. Izan ere, hori da etorri berri izandakoek eta hezkuntzako profesionalek adierazitako beste kezketako bat.
Epe ertaineko helburuen artean, aldiz, emozioen eta doluaren kudeaketarako bideak eta sareak osatzea eta harremanak zaintzea eta identitate osasuntsuak lantzea daude. Epe luzerako helburuen artean, ostera, integrazioa, elkarbizitza, aniztasuna altxor gisa barneratzea eta aukera berdintasuna erdiestea zehaztu dituzte haurrek, nerabeek zein profesionalek. Finean, epe luzera Urretxu harrera herri izatea nahi lukete.
Ondorioetan eta helburuetan oinarrituta, Gazteria saila hainbat aditu eta erakunderekin lan saioak egiten ari da ikasturte berrirako ekimen pilotuak zehazteko. Asteazkenean, Errenterian izango da Badalaben eta, ostegunean, aldundiko Gaztematika sareko adituekin bilduko da. Orain arte prozesuan parte hartu duten beste erakunde batzuekin ere bilduko da eta elkarlanerako aukerak landuko ditu batzuekin zein besteekin. Irailaren hasieran aurkeztuko die landutakoa hezkuntza komunitateko profesionalei eta komunitateari, ekarpenak jaso, eta, egoki ikusiz gero, ekimen pilotuak elkarlanean abian jartzeko.
Inork ekarpenik egin nahi badu edo informazio zabalagoa jaso, gazteria@urretxu.eus helbidera idatzi dezake edo 943 03 80 88 telefono zenbakira deitu.